Barikuan hasiko dira saltzen Mutrikun ‘Bizi dantza’ ikuskizunerako sarrerak
Emanaldia urriaren 23an izango da, eta bi saio eskainiko dituzte: 17:00etan eta 19:00etan. Lehenengo egunean soilik Mutrikuko bizilagunek erosi ahalko dituzte sarrerak, eta gainontzekoek hilaren 19tik aurrera.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bizi dantza ikuskizuna eskainiko dute urriaren 23an, Mutrikun. Aforoa mugatuta egongo denez, bi emanaldi eskainiko direla zehaztu dute, 17:00etan eta 19:00tan. Barikuan [urriak 16] hasiko dira sarrerak saltzen.
Sarrerak erosteko lehenengo egunean soilik Mutrikuko bizilagunek erosi ahalko dutela esan dute. Egun horretan 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara egongo dira sarrerak saltzen, udaletxeko arkupean.
Gainerako herrietako bizilagunek, aldiz, hilaren 19tik aurrera erosi ahalko dituzte, astelehenetik barikura, 17:00etatik 20:00etara, udal liburutegian.
Zehaztu dutenez, ikuskizun bakoitzerako 250 sarrera jarriko dituzte salgai; sarrera bakoitzak 6 euro balioko ditu. Pertsona bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosi ahalko ditu.
Udal ordezkariek esan dutenez, eta ikuskizunera joateko aukera etxeko txikiei zabaltzeko asmoz, haur bakoitzarekin heldu bakarra joan ahalko da.
Bestalde, heldu batek gehienez bi haurrekin joateko aukera edukiko du, segurtasuna bermatu ahal izateko.
Sarrerak ezingo direla erreserbatu eta geratzen den aforoaren inguruko informazioa Mutrikuko Udalaren webgunean jasoko dutela esan dute.