Debuteko partiduan egindako lanagaz pozik eta gustura dago Uriondo
Profesionaletara salto egin, eta Gernika-Lumoko Santanape frontoian jokatu du Baikoko pilotari moduan bere lehen partidua. Gizaburuagako herritarren babesa eduki du.
Apirilaren 26an debutatzekoa zen Endika Uriondo, baina pandemiagatik halabeharrez egun berezi hori atzeratu zuten, eta hainbeste itxarotako unea zapatuan heldu zitzaion. Debutagaz pozik dago Gizaburuagako atzelaria. “Partidua nahiko ondo joan zen. Hasieran pixka bat urduri egon nintzen, baina pentsatzen dut nahiko ondo jokatu nuela”.
Gernika-Lumoko Santanape frontoian estreinatu zuen Baikoren elastikoa. Etxekoen, lagunen eta Gizaburuagako herritarren babesa eduki zuen.
Danel Elezkanogaz bikotea osatuta, Zubizarreta III eta Ladis Galarzaren kontra jokatu zuen debuteko partidua. 22-18 galdu zuten Uriondok eta Elezkano IIk. Neurketa “oso parekatua” izan zen. 5-2 galtzen joan ziren Zaratamoko aurrelaria eta Gizaburuagako atzelaria, baina, gero, aurretik jarri ziren. “Gero partidu osoa aurretik joan ginen. 16-17 gindoazela eurak jarri ziren aurretik. Zubizarreta oso ondo aritu zen partidu osoan, eta uste dut amaieran ere errematean asmatu egin zuela, eta horregatik aurrera egin zutela”.
Aspaldian Gernika-Lumoko frontoian jokatu barik egon bada ere, ondo ezagutzen duen kantxa da Santanapekoa, eta gustura aritu zen gizaburuagatarra. Egindako lanagaz pozik dagoela nabarmendu du: “Iaz bertan entrenatzen egon ginen urtean zehar askotan. Nahikoa ondo ezagutzen dut, nahiz eta azken urtean sartu barik egon. Lehenago ibilita egoteak on egin zidala uste dut. Sentsazio nahiko onak eduki nituen. Gustura jokatu nuen, eta eskumagaz ondo gozatu nuen; ezkerragaz pixka bat gehiago kostatu zitzaidan”.
Giro “oso ona” sortu zen Santanapen: “Frontoi osoa alde eduki nuen. Ez da ohitu behar, hemendik aurrera ez delako horrela izango. Baina zapatuan behintzat frontoi osoa nire alde egon zen, ni animatzen. Familia osoa, lagun denak, eta ia herri osoa etorri zen. Giro oso polita egon zen”.