Emozioz bete hasi da jokoan Markina-Xemeingo Master Goxua Txapelketa
Dani-Atzotei eta Aitortxu-Gandixa bikoteen arteko norgehiagoka egon zen domekan [urriak 11].
Azoka zela eta, asteburu honetarako ez zegoen partidarik jokatzea aurreikusita, baina azkenean, pilotari batzuk partida aurreratzeko beharra zeukatenez, Dani-Atzotei/Aitortxu-Gandixa bikoteen arteko Master Goxua Txapelketako norgehiagoka egon zen domekan [urriak 11] Markina-Xemeingo frontoi txikian.
Partida bakarra, baina ikusgarria. Lehia bizia egon zen bikoteen artean, azkenean, baina, markagailua Dani eta Atzoteiren aldekoa izan zen; 18-12 irabazi zieten Aitortxuri eta Gandixaren ordez jokatu zuen Aitxuluari.
Urriaren 3ko asteburuko lehen jardunaldian, berriz, lau partida jokatu ziren. Lehenengoan Bikandi eta Bereikua nagusitu ziren, Bustindui eta Ezpeletari 18-10 irabazita; bigarrenean IƱaki eta Pello izan ziren garaile, 18-3 irabazi zieten Ibai Zubiria eta Roberto Gomezi; Laka eta Eritz mende hartuta, hirugarren partidako irabazleak Onagoitia eta Joanes izan ziren (18-16); eta azken partidako garaileak Tubo eta Amin izan ziren. Tubok eta Trontxoren ordez jokatu zuen Aminek tanto bakarragatik irabazi zuten Etxeta eta Eluren aurkako norgehiagoka (17-18).
Partidak. Datorren asteburuan jokatuko dira bigarren eta hirugarren jardunaldiak, zapatuan [ urriak 17] eta domekan [urriak 18]. Egutegia txapelketa hasieratik prest badago ere, partiduak oraindik zehazteko daudela azaldu du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak. Azken orduko aldaketak egongo direla argitu du, eta egutegi zehatza eguenerako edukiko dute prestatuta.
Bestalde, txapelketa giro onagaz hasi dela nabarmendu du Urionabarrenetxeak: “Iaz baino saltsa gehiago dago oraindik”. Ikusle kopurua mugatua dela da arazo bakarra. Jarrita 53 lagun sartu ahal dira, eta lehen jardunalditik nahiko beteta daude aulkiak.