Eneko Sagarmendik Euskal Pilota Egokituko III. Master Cup txapelketaren txapela jantzi du bigarrenez
Iñaki Divassoniren eta Xabier Arizkorretaren kontra 25-11 nagusitu dira Eneko Sagarmendi mutrikuarra eta Leire Esnal zumaiarra.
Errenteriako Mindara klubeko Eneko Sagarmendi palista mutrikuarrak eta Leire Esnal zumaiarrak bigarrenez irabazi dute adimen urritasuneko Euskal Pilota Egokituko III. Master Cup txapelketa. Urritasun fisikoko finalean, berriz, Aingeru Senperena eta Mikel Merino geratu dira txapeldun, Hilario Olanori eta Beñat Lizasori irabazita. Oso final desberdinak izan ziren Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan ikusitakoak.
Domekako finalean erraz nagusitu ziren Iñaki Divassoniren eta Xabier Arizkorretaren kontra. Uste baino errazago defendatu ahal izan zituzten iaz lortutako txapelak. 25-11-ko emaitzagaz jantzi zuten txapela. Aurkariek ahalegin guztiak egin zituzten txapela eskuratzeko, baina txapeldunek ez zuten arazorik eduki garaile izateko. 4-5 aurretik izan ziren Divasson eta Arizkorreta, baina iazko txapeldunek 11-1-eko partzialarekin hautsi zuten partidua. Orduan, lekuz aldatzea erabaki zuen bikote urdinak; Divasson atzean jarri zen eta Arizkorreta aurrean. Baina, ahalegin hori ez zen nahikoa izan.
Bikote sendoa, oso sendoa osatzen dute Zumaiako aurrelari ezkerrak eta etxean jokatu duen atzelariak, 2016an Gipuzkoako txapela elkarrekin lortu zutenetik asko jokatu dute elkarrekin, eta domekan ere maila bikainean aritu ziren, finaletan behar den bezala apenas kalerik batu gabe eta erasoan eraginkor arituta. Iñaki Divasson eta Xabier Arizkorreta, aldiz, 4-5 aurreratu baziren ere, euren mailarik onenetik urrun aritu ziren, urduritasunak asko eragin zien eta ez zuten partiduan sartzerik lortu. Kantxako euren posizioak aldatuta erreakzio txiki bat izan zuten arren, urrun geratu ziren txapeletik.
Sagarmendik amari eskaini zion txapela, eta berari esker Miranda elkartean dagoela azpimarratu zuen.
Bestalde, urritasun fisikoko finala ikusgarria izan zen. Beñat Lizasok maisuki mugitu zuen pilota, eta sekulako lana egin zuten defentsan Senperenak eta Merinok. Neurketaren lehen erdia oso orekatua izan zen. Hamarna berdinduta egon ziren, baina, gero, Lizasoren zenbait huts egiteren eraginez, hamazortzira ailegatu ziren Senperena eta Merino. Gorriek ez zuten etsi, eta tanto ikusgarriak egin zituen Lizasok. 21bana berdinduta emozio bizia zegoen, baina, azken txanpan Senperena eta Merino sendoago aritu eta hobeak izanda, 25-22 irabazi zuten.
Oreka eta emozioa amaierara arte protagonista izan ziren. Gorabehera batzuk izan arren, pilotazaleak txundituta geratu ziren lau pilotariek erakutsitako joko eta gaitasunekin. Edozein modalitatetan, binakako partidetan oso garrantzitsua izan ohi da bikoteek bikotea osatzea, elkar ondo ulertu eta esfortzuak elkarbanatzea, eta hori izan zen, hein handi batean bidaniarraren eta donostiarraren garaipenaren giltza. Lizasok maila bikaina eman zuen, baina lanak pilatu zitzaizkion, eta gorriek ezin izan zuten erditik aurrera oso zail jarri zitzaien partidari buelta eman.
Osasun pandemiagatik hartu beharreko neurriengatik, 155 ikuslek baino ezin izan zuten domekan Agustina Otaola pilotalekura sartu, eta txiki geratu zen; 100 pilotazale inguruk kanpoan geratu behar izan zuten. Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekiaren arduradunek esan dutenez, “eraginkorraz gain, euskal pilota egokitua erakargarria ere badela” erakutsi zuten Errenterian: “Aspaldi ikusi zuen Mindara elkarteko bultzatzaileetako bat izan zen Mikel Izagirrek euskal pilota inklusiorako tresna eraginkorrenetako bat zela, gaur, Errenteriako bere herriak omenaldi xume eta sentitu bat eskaini dion egunean, tresna hori eraginkorra ez ezik, erakargarria, oso erakargarria ere izan daitekeela berretsi da txiki geratu den Agustina Otaola pilotalekuan”.
*Argazkiak: Esti Sagarmendi