MARKArtek arte eszenikoen eskaintza dakar Markina-Xemeinera
'Simplicissimus Kabaret’ eta ‘Zehar’ ikuskizunek emango diote hasiera udalak antolatutako MARKArte jaialdiari. Abendurako beste bi emanaldi prestatu dituzte.
MARKArte Markina-Xemeingo arte eszenikoen lehenengo jaialdia abiaraziko du asteburu honetan Markina-Xemeingo Udalak. Lea-Artibai mailan erreferente izango den asteburu biko jaialdi trinkoa antolatzea dute asmoa, baina, egoerak hala eskatuta, formatua aldatu egin behar izan dute aurten. Horrela, asteburu honetan bi emanaldi egongo dira, eta abenduan, Gabonen inguruan, beste bi.
Lehen jaialdian parte hartuko duten lau konpainiak euskaldunak izango dira, eta lau emanaldiak, euskaraz. Gainera, diziplina desberdinetako ikuskizunak ekartzea da udalaren asmoa, «proposamen berriak eta ezberdinak» ekarri nahi dituzte. Horrela, harrera ona izaten ari den Tartean Teatroaren Simplicissimus Kabaret ikuskizuna aukeratu dute alde batetik, MARKArteren estreinaldirako, eta Ertzak konpainiak daukan izen onari erreparatu diote oraindik estreinatzeko zegoen Zehar proiektua aukeratzeko. Emanaldi biak udalerriko frontoi nagusian eskainiko dira 21:00etan, Simplicissimus Kabaret, barikuan [urriak 17] eta Zehar, zapatuan [urriak 17].
Bizi den egoera honetan, kultura “inoiz baino garrantzitsuagoa” dela azpimarratu du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak, eta kultura sustatzeko apustua egin nahi izan dute udaletik, artista, sortzaile eta kultur eragileei babesa eta bultzada bat emanez.
Lekuak mugatuta egongo dira, 164 pertsonentzako lekua egongo da guztira
Segurtasun neurriak. Alkateak jakitera eman duenez, udalak beharrezko neurriak hartuko ditu emanaldi guztiak modu seguruan aurrera eramateko. Lekuak mugatuta egongo dira, 164 pertsonentzako lekua egongo da guztira, ikusleak banan-banan jarriko dira eta ikusle batetik bestera segurtasun tartea gordeko da. Gainera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da une oro. «Segurtasun neurriak hartuta, jarrita, distantziak zainduta eta maskarak jantzita, posible da emanaldi bat antolatzea, posible da bizitza bat egitea, posible da kulturara joatea, alternatiba bat edukitzea».
Emanaldietarako sarrerak 5 eurotan daude salgai, udaletxeko Berton bulegoan. Sarrerarik geratuz gero, gainera, bertan egunean ere egongo da eskuratzeko aukera frontoiko leihatilan. Udalak, bere sare sozialen bitartez emango du jakitera sarrerarik geratzen den edo ez, barikurako edo zapaturako.
Zenbakiz zehaztutako sarrerak izango direla azaldu dute: «izen abizenekin pertsonalizatuta, bateren bat kutsatua izanez gero zein zeinen ondoan egon den detektatzeko». Ilarak egiteko distantziak ere markatuko dituzte.