Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunarekin bat egingo dute beste behin ere Mutrikun
Koronabirusa dela eta, urteroko ekintza batzuk ez dira egingo. Hala ere, herria arrosaz janzteko gonbidapena luzatu dute.
Minbiziaren aurkako AECC Gipuzkoa elkarteko kideek astelehenean [urriak 19] Bularreko Minbiziaren aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egitera animatu nahi ditu mutrikuarrak. “Urtero modura, arrosa koloreko ikurrarekin sinbolizatuko da eguna”. Koronabirusa dela eta, urteroko ekintza batzuk ezingo direla egin ere esan dute elkarteko kideek. “Paparrekorik ez da banatuko aurten, eta bestelako ekintza batzuk ere ezingo dira egin”.
Hala ere, ohikoa den modura, eta eguna bera ardatz hartuta, udaletxeko balkoian arrosa koloreko ikurra daraman pankarta erraldoia zintzilikatuko dute, “Mutrikuko Udala ere egun horren alde dagoela adierazteko. Eguna bera astelehenean denez, barikuan [urriak 16] eskegiko dute pankarta”. Gaixotasunari buruzko kontzientzia pizteko asmoarekin, gainera, herriko dendek ere ekimenarekin bat egiteko aukera izango dute, erakusleihoetan edo denda barruan kartel, zapi, puxika edo ikur arrosak ipinita. “Langileei ere paparreko arrosa janzteko eskatuko diegu, zein egun den bistaratzeko”.
Gaixotasunari lotutako datuek oraindik ere kezkagarriak izaten jarraitzen dutela azaldu dute elkarteko kideek. 2019an, esaterako, 545 pertsonari minbizia diagnostikatu zieten Gipuzkoan. Minbizia dutenei eta euren senideei laguntza emateko Debabarrenan ere egoitza bat badagoela gogorarazi dute. Egoitza Eibarren dago, Ardantza kaleko 11. zenbakian, eta egunero ematen du zerbitzua, 09:30etik 13:30era. “Laguntza psikologikoa eskaintzen dute profesionalen eskutik, eta gizarte arloarekin zerikusia duten guztian (laguntzen edo bajen kudeaketa, material ortopedikoaren mailegua…) laguntzen dute, betiere doan”.
Koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, zerbitzua indartu egin dute. “Minbizia duten pertsonak zuzenean tratatzen dituzten profesionalek telefonoz edo bideo deiaren bidez laguntza emateko aukera eskaintzen dute”. Eibarko egoitzako telefonoa (943-20 24 94) ere egoitza itxita dagoen orduetan asistentzia bermatzeko aktibatuta dagoela esan dute. “Zerbitzu hori Infocancerren 900- 10 00 36 linearen bidez egiten da. Linea horrek eguneko 24 orduetan ematen du zerbitzua, doan. Eibarreraino joan nahi ez duten Mutrikuko gaixo eta senideek erabil dezaketen zerbitzua da honakoa”.