Lekeitioko Udalak terrazak handitzeko baimena luzatu die herriko ostalariei
Portuaren kasuan, baimena asteburuetara mugatuko da.

Ostalaritza sektoreari laguntzeko asmoz, Lekeitioko Udalak, terrazen tamaina handitu eta segurtasun distantziak mantenduz bezero gehiago izateko aukera eman zien udan herriko ostalariei, eta epe hori luzatzea erabaki dute. Horrela, herriko espazioa erabiltzeko baimen hori abenduaren 31ra arte luzatuko diete.
Portuaren kasuan, udalaren konpetentzia ez denez, baimena asteburuetara mugatuko dela azaldu dute, hau da, asteburuetan bakarrik handitu ahalko dira portuko espazioa hartzen duten terrazak. Baimen berri honek irauten duen bitartean, Lekeitioko Udalak ordenantza berri bat egingo du, hurrengo urtetik aurrera terrazen erabilera arautzeko.