Sara Asenjo aulestiarra Bizkaiko eskolarteko finalera ailegatu da
Finala zapatuan [urriak 17] jokatuko da, 11:30ean, Arrigorriagako Lonbo aretoan. Buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariek Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela lortuko dute.

Sara Asenjo aulestiarrak Bizkaiko Bat-Bateko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finalerako txartela lortu du. Finala zapatuan [urriak 17] jokatuko da, 11:30ean, Arrigorriagako Lonbo aretoan.
Berez udaberrian jokatzekoa zen txapelketa, baina pandemia tarteko, azkenean urriaren 5ean hasi zen. Eta horretan parte hartu dute 18 urtera arteko 28 bertsolarik. Guztira hiru kanporaketa saio jokatu dira: Gernika-Lumoko Astran (urriak 3), Durangoko Kurutziaga ikastolan (urriak 7) eta Bilboko Euskararen Etxean (urriak 9). Saio horietan lortutako puntuak kontuan hartuta, zortzi bertsolari sailkatu dira etzi jokatuko den finalerako.
Asenjok Durangoko kanporaketan parte hartu zuen, eta saio horretan lortutako puntuei esker sartu da finalean. Beragaz batera ondoko bertsolariak ariko dira: Irune Basagoiti, Maider Altuna, Izaro Bilbao, Leire Vargas, Amaiur Atxa, June Diaz eta Jokin Ansotegi.
Finalak bi fase edukiko ditu. Lehenengo fasean, ofiziotan bina bertso kantatu beharko dituzte bertsolariek zortziko handian, eta beste bina zortziko txikian. Fase horregaz amaitzeko, gaia emanda bakarka bertso bana egin beharko dute, gehienez ere hamarreko handian.
Lehenengo fasean puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak bigarren fasera sailkatuko dira. Buruz buruko horretan, hain zuzen, kartzelako lana egin beharko dute: puntuari erantzuna eta bakarka, gaia emanda, bertso bana, gehienez ere hamarreko handian.
Hain zuzen, buruz burukora sailkatzen diren bi bertsolariek Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako txartela lortuko dute. Final hori azaroaren 14an jokatuko da, Abadiñon.
Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek jakinarazi dutenez, finalerako gonbidapenak Internetez eskuratu ahal dira. «Aforoa mugatuta egongo da, eta lekuak bukatzen direnean ez da sarrerarik eskuratzeko aukerarik egongo».