67 urte uxolak Ondarroako Zubi Zaharra eroan zuenetik
Zubia zatika erori zen; zati bat goizaldean eta beste bat egun argitan; dena hamabi orduren barruan. Hondamendia hil batzuk aurretik ibaia bera dragatzeko egin ziren lanekin lotzen zuten ondarrutarrek
1953ko urriaren 15eko goizaldean, uxolak Zubi Zaharra eroan zuen, eta handik bederatzi urtera beste bat egin zuten, gaur egun ezagutzen dena. Indartsu zetozen urak 1953ko urriaren 15eko goizaldean. Uxolak eta itsasagorak bat egin zutenean, Errenteriako auzoa urpean geratu zen; eta herri barruan, egoera ez zen hobea. Zubi Zaharrak amore eman behar izan zuen ibaiaren indarraren aurrean. Uxolaren eraginez, bortitz eta zaratatsu zetozen ibaiko urak Zubi Zaharraren azpitik. Errekako urak zekarren abiaduraz kezkatuta eta beldurtuta, Zubi Zaharraren inguruko txalupak gogorrago amarratzen edo uxolaren erresakatik babesten ziharduten arrantzaleek. Hain zetozen urak indartsu ze, goizaldeko ordubiak aldera Zubi Zaharra bera mugitzen eta jausten hasi baitzen. Zubia zatika erori zen; zati bat goizaldean eta beste bat egun argitan; dena hamabi orduren barruan. Horrela deskribatu zuen udal arkitektoak: «Desplome del Puente Romano en sus dos tramos, produciéndose el primer desplome a las dos horas de la madrugada en que cayó el arco de menor luz, afectando en su caída al machón central que dos horas más tarde experimentaba un giro lateral que producía el desplome del segundo arco de mayor luz, manteniendo no obstante el tercio de arranque que a las doce horas se desplomaba arrancando casi totalmente el estribo de la margen derecha de la susodicha ría».
Uxolak eragindako kalteak. Zubi Zaharragaz batera, Estrellita arrantzontzia ere hondoratu zen; eta kalte handiak jasan zituen Santisima Trinidad motorrontziak, zubiko harriak gainera jausi zitzaizkion eta. Ez ziren uxolak eragindako kalte bakarrak izan. Besteak beste, Zubi Zaharretik Merkatu Plazara eroaten zuen eskailera ere erortzeko arriskuan geratu zen, eta berehala habetu behar izan zuten, eror ez zedin. Ikusmin handia eragin zuen Zubi Zaharraren erorketak. Kalteak hurretik ikusi nahian zebiltzanen artean, bazebilen gizon bat, erreka hegalean. Hegaleregi, itxura denez, gizona erori egin zen eta. Bi bider pentsatu barik, baporontzi batean zegoen 22 urteko mutil gazte batek dzanga egin zuen errekako ur lohietara. Itota galtzeko zorian zegoen gizon hura onik atera zuen lehorrera. Gotzon Badiola Txaketeneku izan zen salbatzailea; eta Bixente Agirre ingeniari eibartarra, erreskatatua.
Zubi Zaharraren hondamendia hil batzuk aurretik ibaia bera dragatzeko egin ziren lanekin lotzen zuten ondarrutarrek; zubiaren oinarrien ertzak gehiegi garbitu zituela esaten zuten
Zubi Zaharraren hondamendia hil batzuk aurretik ibaia bera dragatzeko egin ziren lanekin lotzen zuten ondarrutarrek; zubiaren oinarrien ertzak gehiegi garbitu zituela esaten zuten. Kontuak kontu, urte batzuk behar izan ziren zubia berriro egiteko.
Ondarroako muga. Zubi Zaharra 1335eko Hiri Gutunaren baieztapenean aipatzen da, eta «muga» nabari bat izan zen, pertsonak, itsasontziak eta animaliak pasatzeagatik kobratu egiten baitzuten. Horrela ageri da Hiri Gutunaren baieztapenean: «(…) tomamos por bien que cualquier nao o bajel u otro navío cualquiera que llevase mástil «in fiesto» que para pasar se había de alzar o levantar la compuerta del puente, que paguen por cada paso 5 dineros para reparación. Otrosí que todos los hombres que por allí pasasen, acémilas y otras bestias que paguen por cada vez, una y media de dinero». Horretarako, lehengo mugak ulertu behar. Oraintsu arte ondarrutarrak Zubi Zaharra igaro eta berehala aurkitzen ziren Berriatuko elizatearen lurraldean. Beraz, Zubi Zaharra gizaldiz gizaldi bereizlea izan da. Artibai ibaiko karrioa. Itxura denez, zubia zurezkoa izan zen XVIII. mendera arte, eta zabaldu egiten zen ontziei pasatzen uzteko eta kobratu beharrekoa kobratzeko. Olezko zubiaren azpitik igarotzen ziren itsasontzi gehienak zamakoak ziren, orduan Artibai ibaian zebilen karrioa jakinda. Hara datua: urtean 80.000 kintal burdina eroaten ziren inguruko burdinoletara.
Udalak iturri bi propio jarri zituen arrantzaleentzat Zubi Zahar inguruan, handik har zezaten baporeen galdaretarako behar zuten beste ur
Beste alde batetik, herritar asko batzen zen Zubi Zaharrean jarritako iturritik ura hartzera. Arrantzaleek eurek ere bertatik jasotzen zuten baporeentzat behar zuten ura. Egoera konpontzeko, udalak iturri bi propio jarri zituen arrantzaleentzat Zubi Zahar inguruan, handik har zezaten baporeen galdaretarako behar zuten beste ur.
Zubi Zahar inguruak, portu historiko. Ondarroako arrantza ontziak Santa Klara kofradiaren egoitzari eta saltokiari ahalik eta hurreren batu ohi ziren. Ohitura hori aldatu egin zen XX.mendearen hasieretan, arrantza ontzi jabe abertzaleek txalupak Zubi Zaharraren inguruan lotzen zituzten bitartean, tradizionalistak Kantoipe eta Kafeko Atze aldera lotzen hasi zirenean. Banaketa hori baieztatuta geratu zen 1909ko maiatzaren 13an. Egun hartan, San Pedro Kofradia sortu zuten Santa Klara kofradiatik banatutako hainbat arrantzalek. Banaketa fisikoki irudikatuta geratu zen, eta aurretik hartuta zeukaten joera baieztatu: Santa Klara kofradiakoek ohiko lekuan jarraitzen zuten; eta San Pedrokoek Kafeko Atzera alde egin zuten.