Azken 24 orduetan beste 14 positibo erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Atzo [urriak 14] ondoko herrietan erregistratu zituzten positibo berriak: Markina-Xemein (4), Ondarroa (4), Etxebarria (3), Mutriku (2) eta Lekeitio (1). Guztira, astelehenetik atzora arte, eskualdean 40 kasu berri zenbatu dituzte.
Lea-Artibain eta Mutrikun COVID-19arekin kutsatutakoen kopuruak goranzko joerari eusten dio. Eta horren erakusle da azken 24 orduetan egindako PCR probetan ere erregistratutako positibo kopurua. Hain zuzen, atzo [urriak 14] 14 positibo berri erregistratu zituzten. Ondoko herrietan atzeman dituzte kasu berriak: Markina-Xemein (4), Ondarroa (4), Etxebarria (3), Mutriku (2) eta Lekeitio (1).
Markina-Xemeingo egoera. HITZAk jakin ahal izan duenez, Markina-Xemeinen atzo [urriak 14] 35 proba egin zituzten (horietatik atzeman zituzten 4 positiboak). Gaur [urriak 15], ostera, 52 proba egin dituztela esan dute. Udal iturriek esandakoaren arabera, “positibo kasu gehienak familia bereko kideen artean atzeman dira”. Markina-Xemeinen inzidentzia maila altua izaten ari bada ere, udalak esan du Osasun Sailak ez duela momentuz Azpeitian hartu duten neurririk hartzeko asmorik.
Azken egunetako datuak kontuan hartuta, orokorrean inzidentzia maila altua ari da izaten eskualdean; atzora arte, asteon 40 kasu berri zenbatu dira Lea-Artibain eta Mutrikun:
- Astelehenean [urriak 12]: 8 kasu berri; 6 Lekeition eta 2 Markina-Xemeinen.
- Martitzenean [urriak 13]: 18 kasu berri; 7 Markina-Xemeinen, 4 Berriatuan, 3 Lekeition, 2 Mutrikun, 1 Aulestin eta 1 Etxebarrian.
- Eguaztenean [urriak 14]: 14 kasu berri; 4 Markina-Xemeinen, 4 Ondarroan, 3 Etxebarrian, 2 Mutrikun eta 1 Lekeition.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [urriak 14] 10.890 PCR egin zituzten, eta horietatik 679 positibo erregistratu zituzten (%6,2). Bigarren egunez jarraian, Gipuzkoan atzeman zituzten positibo gehienak (303); Bizkaian 291 erregistratu zituzten, eta Araban 77 (beste 8 positibo EAEn bizi ez diren herritarren artean atzeman zituzten). Positibo gehienak 40-64 urte bitartekoen artean erregistratu zituztela esan dute (262).
Hiru lurraldeetan ospitaleratuta daudenak 273 dira (aurreko egunean baino 10 gehiago). Horietatik 51 daude ZIUn (aurreko egunean baino 1 gehiago).