Emakume Master Cup domekan hasiko da
Aurten "inoiz baino pilotari gehiagok" izena eman dute lau t'erdiko txapelketa jokatzeko. Besteren artean, Olatz Beitia lekeitiarrak eta Enara Anitua aulestiarrak pilota goxuan izena eman dute. Leire Etxaniz etxebarritarra final-laurdenetan sartuko da txapelketan.
Lau t’erdiko Emakume Master Cup txapelketak inoiz baino parte hartze handiagoa izango du aurten. Domekan [urriak 18] Larrabetzun hasiko dute txapelketa.
Arazoak-arazo txapelketak “indartsu jarraitzen” duela eta osasun larrialdiak ere ezin izan duela azken urteotako hazkundea eten azpimarratu dute antolatzaileek. 92 pilotari arituko dira, 60 pilota goxoarekin eta 32 mistoarekin eta nabarmentzekoa da kaiolan arituko diren emakumeetatik 13 lehen aldiz arituko direla lehiaketa honetan. Tartean da Leire Esnal aurreko domekan Errenterian jokatuko diren pilota egokituko finalean arituko den adimen urritasuneko pilotaria. “Antolakuntza oso pozik da banakako txapelketak izan duen harrerarekin izan ere, parte hartzeak argi uzten du emakumezkoen esku pilotariak jokatzeko gogoz daudela eta txapelketa honek sustapen lan handia egiten duela”.
Bizkaiko 25 pilotarik, Gipuzkoako 28k, Nafarroako hamaseik, Arabako bik, Ipar Euskal Herriko bik, Errioxako bik, Zaragozako hamarrek eta Bartzelonako seik izena eman dute.
Pilota goxuan Leire Etxaniz etxebarritarra final laurdenetan sartuko da; azaroaren 27an Orduñan jokatuko du partidua. Olatz Beitia lekeitiarrak eta Enara Anitua aulestiarrak ere pilota goxoan lehiatzeko izena eman dute.
Azken urteetan bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko dute. Pilota goxoko finalak abenduaren 13an jokatuko dira Balmasedan eta, pilota mistoko finalak, ostera, astebete beranduago Arrigorriagan (hauek ETB-1ek zuzenean eskainiko ditu).