Hiribilduaren 695. urteurrena ospatuko dute Lekeition, herriko ondarea ezagutuz
Hiru hitzaldi egongo dira asteburuan. Hiruretarako sarrerak agortuta daudela jakitera eman du udalak, eta gutxi batzuk geratzen dira azaroaren 27ko aurkezpenerako.
Lekeitioko hiribilduak 695 urte beteko ditu azaroaren 3an, eta urteurren hori ospatzeko, urriko Ondarearen Jardunaldiekin bat eginez, herriko kultur ondareari lotutako egitaraua osatu du Lekeitioko Udalak.
Goytisolotarren Lekeitioko familiagaz hasi behar ziren ekimenak, baina hitzaldia bertan behera utzi behar izan zuten hizlaria Madrilen bizi delako, eta ez dute aurreikusten epe laburrean egin ahal izango denik. Asteburu honetan, ordea, Lekeitioko irakaskuntza eta ikastetxe ezberdinen nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da hiru hitzaldiren bidez.
Alde batetik, bihar [urriak 16], Aitor Iturbe Gabikagojeaskoaren eskutik Lekeitioko hezkuntzaren historian arakatzeko aukera egongo da. Eskolatik Eskolara monografiaren egilekidea da Iturbe eta lekeitiarrek zer eta non ikasten zuten azalduko du, 19:00etan kultur etxeko Azkue aretoan emango duen hitzaldian.
Zapatuan [urriak 17], berriz, Lekeitioko Nautika irakaskuntzaz ariko da Gonzalo Duo historialaria. Bizkaiko Itsas Historiaren ikertzaileak, Ilustrazio aurreko garaia izango du hizpide Lekeitioko nautika irakaskuntzaz hitz egiteko. Eta, domekan [urriak 18], Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak Jose Javier Uribarren eta Maria Jesus Agirrebengoa senar-emazteek Lekeitioko hezkuntzari egindako ekarpenak ekarriko ditu gogora. Izan ere, neska-mutilentzako eskolak sortu ziren Lekeition euren laguntzagaz.
Azkue aretoa aukeratu dute bi hitzaldietarako; 18:30ean hasiko da zapatukoa, eta 12:00etan, domekakoa.
Urtemuga. Hiribilduaren urteurrenari begira, urteurren egunean bertan [azaroak 3], 12:00etan, Angelusa joko dute, eta bolanderak ere botako dituzte udaletxe ondotik, eta azaroaren azken asteburuan, Aitor Iturbe Gabikagojeaskoak Lekeitioko hiribilduaren ondare eta historiari buruz egin duen Kresaletatik liburu bildumako bigarren monografia aurkeztuko du. 1884 eta 1936 urteen tartea jaso du Iturbek, oraingoan, liburuan; epealdi horretan Lekeition eta Lekeitiori buruz idatzi, margotu edo argazkien bidez agertutakoa azaltzen du bertan.
Liburuaren aurkezpena azaroaren 27an izango da, 19:00etan Azkue aretoan. Horri lotuta, hurrengo egun bietan, azaroak 28 eta 29, aurkeztutako liburuari lotutako erakusketa egongo da ikusgai Eskolapeko aretoan (12:00-14.00 eta 18:00-20:00).
COVID-19a dela eta lekuak murriztuta daude, beraz, ekitaldietara joateko izena eman behar da aurretik. Azken orduan, udalak jakitera eman duenez, asteburu honetako hitzaldietako aforoa bete da, eta leku gutxi geratzen dira azaroaren 27ko aurkezpenerako.