Memoriaren Ibilbidea aurkeztuko dute Markina-Xemeingo Mendi Asteburuan
Proposamen interesgarriz bete dator 2020ko Mendi Asteburua. Zapola inguruko Memoriaren Ibilbidea bisitatu, Aizkorriko kanalak deskubritu edota Mendi Tour jaialdiko filmekin txunditzeko aukera egongo da.
Laugarren urtez aurten, mendiari lotutako proposamenez bete dator Artibai Mendigoizale taldeak Ahaztuen Oroimenagaz, Leaktibaigaz, Markina-Xemeingo Udalagaz, Antsotegigaz eta Uhagon kulturguneagaz elkarlanean antolatutako Mendi Asteburua. Aurten Umeentzako Orientazio Martxa antolatzeko biderik eduki ez badute ere, lau hitzordu interesgarri prestatu dituzte datorren astera begira.
Hasteko, urriaren 22an, 19:00etan, Xabier Mujika Smithy eskalatzailearen hitzaldia egongo da Antsotegi Hotelean. Ospe handiko eskalatzailea da Mujika, blog ezagun bat ere badauka, eta, batez ere, Euskal Herriko kontuez jardungo duela azaldu du Antsotegiko Julen Hernando Etxebarriak. Hain zuzen ere, Aizkorriko kanalak deskubritzeko aukera eskainiko du.
[MENDI ASTEBURUA 2020. EGITARAUA]
Memoria Ibilbidea. Mendiari lotutako jardunaldiek urriaren 24an jarraituko dute. 18:30etan, Uhagoneko lehen solairuko areto nagusian memoria eta ondarea uztartuko dituen hitzaldia eskainiko dute alde batetik, Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek, eta bestetik, Josu Santamarina Otaola EHUko arkeologoak.
Ahaztuen Oroimenako kideek, Artibai Mendigoizale Taldeagaz eta Markina-Xemeingo Udalaren babesagaz, prestatzen ari diren MX-2 Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbidearen berri emango dute; ibilbide horren zergatia, jatorria, helburua eta bertan jarriko dituzten euskarri informatiboen xehetasunak ezagutzera emango dituzte.
Memoria Ibilbide horregaz lotu dute EHUko ikertzaile talde bat egiten ari den 36ko gerrako guda lerroen ikerketa lana. Ikertzaile taldea gerra garaiko guda lerro osoko ikerketa egiten ari da, baina bertoko posizioetan, eta, batez ere, Zapola inguruko Memoria Ibilbideari dagokion esparruan aztertu dutenaren berri emango dute hitzaldian. Josu Santamarinak, Guda-hotsak. Gerra zibileko guda lerroen ikerketa arkeologikoa izeneko ikerketa proiektuaren arduradunak, emango ditu ikuspuntu arkeologikoko azalpen horiek guztiak.
[MENDI ASTEBURUA 2020. EGITARAUA]
Bisita antzeztuak. Markina-Xemeingo bigarren guda lerroko memoria ibilbidearen zati bat bertatik bertara ezagutzeko aukera ere ekarriko du aurtengo Mendi Asteburuak. Urriaren 25 goizean egingo dira Zapola inguruko bisita gidatu bereziak. Artibai Mendigoizale Taldeko Eneko Arrate Sololuzek gogora ekarri bezala, pare bat urte daramatzate herriko mendigoizale taldeak eta Ahaztuen Oroimenak, udalaren babesagaz, Zapola inguruko ibilbideak garbitu eta prestatzen. Oraingoan, goiko parteko ibilbide zati bat egingo dela iragarri du. «Zapola azpiko bunkerraren inguruan panel panoramiko bat jarriko da guda lerroaren informazioagaz. Hori inauguratzeko bisita gidatu antzeztuak egingo ditugu, azalpenak eta antzezpen txikiak txertatuta, bata 10:00etan eta bestea 12:00etan»
Emanaldia. Mendi Asteburuari amaiera emateko, Mendi Tour jaialdiko filmen emanaldia egongo da aurten ere. Hiru film emango dituzte oraingoan : Euskal Herrian bertan grabatutako Harria Herria (7’), 2019ko Mendi Film jaialdiko Film Labur Onenaren saria eraman zuen Nebula (13’) eta Bolibiako emakumeak protagonista dituen Cholitas (80’). Azken film horrek 2019ko Mendi Film jaialdiko Epaimahaiaren Saria eraman zuen.
Esperantzako aretoan izango da filmen emanaldia oraingoan ere, eta 5 euroko sarrera izango du. Sarrerak udaletxeko harreran eskuratu ahalko dira astelehenetik [urriak 19] barikura [urriak 23] bitartean.
Momentu honetako egoera dela eta, ekitaldietako aforoa mugatua izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, beraz, ezinbestekoa da aurrez izena ematea.