Jaurlaritzaren neurri berriak beranduenez eguenean sartuko dira indarrean
Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak esan du gobernuaren eskaerak lehentasun osoa izango duela. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere baliteke neurriak zorroztea aste honetan.

Egun batzuk barru sartuko dira indarrean Eusko Jaurlaritzak zapatuan [urriak 17] iragarri zituen neurri murriztaileak. Iñigo Urkulluren gobernuak ez du gaitasunik neurri horiek bere kabuz hartzeko, herritarren oinarrizko eskubideei eragingo dietelako, eta eskaera luzatu behar dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari horiek agindu ditzan. Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko lehendakariak atzo [urriak 18] Euskadi Irratian adierazi zuen lehentasun osoa izango duela eskaera horrek eta, beranduenez, ostegunean emango duela agindua.
Gaur [urriak 19] erregistratuko du Jaurlaritzak eskaera. Ignacio Garitanok, gobernuak koronabirusa kudeatzeko izendatu duen teknikariak, agerraldia du 16:30ean, hain zuzen. Besteak beste, bilerak sei pertsonara mugatzea, elkarte gastronomikoak ixtea eta tabernen edukiera %50era jaisteko neurriak ezarri nahi ditu Jaurlaritzak.
Eskaera jaso eta gero, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hiru egun ditu aztertzeko nola eragingo dieten neurri horiek herritarren oinarrizko eskubideei, esate baterako elkartzeko eskubideari. Gobernuak eskaera idatziz nola zehazten duen ikusi behar dela azaldu du Biurrunek: «Neurriz neurri aztertuko dituzte neurriok, eta herritarren oinarrizko eskubideengan zer eragin duten aztertuko dute».