Literatura eta feminismoari buruzko mahai ingurua egingo dute Mutrikun
Kattalin Minerrek eta Eider Rodriguezek parte hartuko dute mahai inguruan. Parte hartzeko interesa dutenek aurretik izena eman behar dute.
Mutrikuko Udalak antolatuta, Literatura eta Feminismoa mahai ingurua izeneko mahai ingurua egingo dute eguaztenean [urriak 21] Mutrikuko Zabiel kultur etxean, 18:00etan hasita. Kattalin Miner kazetari, idazle eta ekintzaile feministak eta Eider Rodriguez idazleak gaiari buruz luze berba egiteko aukera izango dute. Moderatzaile lanetan Ane Urkiri kazetari mutrikuarra ariko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, mahai ingurua apirilean antolatzen den liburu asterako zegoen aurreikusita. “COVID-19ak sorturiko osasun larrialdiaren ondorioz, hilabete batzuk beranduago ospatuko da”. Sarrera doakoa dela iragarri dute, baina aforo mugatua dagoenez, aldez aurretik izen ematea nahitaezkoa dela ohartarazi dute. Ekintzan parte hartzeko interesa dutenek kultura@mutriku.net helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute.