Mutrikuko palmondo bat lekuz aldatu dute
80 urte inguruko zuhaitzaren birlandaketa TekNatura enpresak burutu du, Doctor Arbol enpresa katalanaren zuzendaritza teknikoarekin.
Mutrikuko Calogero arrain kontserba enpresa zegoen lurretan dauden palmondoetako bat lekuz aldatu egin zuten barikuan [urriak 16]. Phoenix canariensis espezieko zuhaitza, hain zuzen ere, metro batzuk atzerago birlandatu dute. Prozesua TekNatura enpresak burutu zuen, Doctor Arbol enpresa katalanaren zuzendaritza teknikoarekin. “Bi langile espezializatu etorri dira Herrialde Katalanetatik Mutrikura. Teknikariek esan digutenez, zuhaitzak eta berarekin atera duten lurrak 11-12 bat tona artean pisatzen zituen. Leku epelagoetatik datozen zuhaitzak direnez, mota honetako zuhaitzen birlandaketak udan egin ohi dituzte. Orain giroa epeltzea falta da bakarrik, zuhaitza lurrera ondo errotuta gera dadin”.
15 bat metro dituen palmondoak 80 bat urte izango dituela adierazi dute Mutriku Natur Taldeko kideek. “Ditugun datuen arabera, 1945ean landatu zuten lurretan, baina ordurako urte batzuk izango zituen”. Zuhaitza moztekotan ere egon direla esan dute Natur Taldeko kideek, eta erabakia bestelakoa izan denez, pozik daudela azpimarratu dute. “Ez zen merkea aterako, baina behintzat herriko zuhaitz ondarean ez dugu beste galera bat jasan. Hiru urte daramagu honen defentsan, urbanizazio prozedura hasi zenetik. Egia esan, azken momentura arte arriskuan egon da palmondoaren etorkizuna; errepide albotik egin behar duten espaloia derrigorrez zuzena egin nahi dutelako eta ur zikinen estolderia errepidetik bideratzeko arazoak deudelako ere”.