Oihana Kortazarrek nagusitasun osoz irabazi du IV. Ultra Sanabria lasterketa
Mutrikun bizi den elgetarrak 11 ordu, 44 minutu eta 28 segundotan osatu du Zamorako kirol proba. Hiru etapetako protagonista eta lider nagusia izateaz gain, probako errekorra ere hautsi du.

Parte hartzaileek 110 kilometro egin behar izan dituzte hiru etapatan banatuta, eta Mutrikun bizi den elgetarrak 11 ordu, 44 minutu eta 28 segundotan osatu du Zamorako kirol proba. Lehen etapa 4 ordu, 1 minutu eta 3 segundotan amaitu zuen, bigarrena 4 ordu, 21 minutu eta 21 segundotan eta hirugarrena 3 ordu, 22 minutu eta 4 segundotan. Burumendi Mendizale Elkarteko kideak, gainera, etapa guztietan nagusitu zen, eta jokoan egon ziren hiru maillotak ere eskuratu zituen: sailkapen nagusiko urdina, jaitsierakoa eta mendikoa.
Kortazarrek sasoiko dagoela erakutsi du berriro. Bigarren sailkatuari eta hirugarrenari alde handiarekin irabazi die. Hain zuzen ere, etapaz etapa aurkariei irabazitako denbora tartea pilatzen joan zen. Aroa Sio bigarren sailkatuari, esaterako, ia ordubeteko tartea atera zion. Galiziarrak 12 ordu, 40 minutu eta 4 segundo behar izan zuen proba amaitzeko. Lucinda Sousa hirugarren sailkatuak, aldiz, ia bi ordu beranduago amaitu zuen proba; brazildarrak 13 ordu, 35 minutu eta 56 segundotan osatu zuen ibilbidea.
Hiru etapetako protagonista eta lider nagusia izateaz gain, probako errekorra ere hautsi du Kortazarrek. Lehen etapako marka, esaterako, ia hamar minututan hobetu zuen. Iaz ezarritako 4 ordu, 10 minutu eta 54 segundoko marka erraz gainditu zuen; 4 ordu, 1 minutu eta 3 segundo behar izan zituen etapa amaitzeko.

Oihana Kortazar probako une batean. Argazkia: Matias Novo / Ultra Sanabria.
Kortazar pozik agertu da garaipen berriarekin, eta Zamoran izandako esperientzia ederra izan dela azpimarratu du. Barikuan [urriak 16] hasi eta domekan [urriak 18] amaitu zen lasterketak denetarik izan zuela agertu du, eta sailkapen nagusian aurrean bazen ere, korrika egiteko ohiko erari eutsi zion. Zailtasun tekniko handiko etapak izan ziren, “kontu handiz” ibiltzekoak. “Jaitsiera oso teknikoak egon dira, eta zentzu horretan asko nekatzeko etapak izan dira. Hankek asko sufritu dute”. Etapaz etapa hanketan nekea pilatzen joan bazitzaion ere, ondo amaitu zuela esan du. “Kezka handia nuen lehen etaparen ondoren bigarren eta hirugarren etapetara begira indarrak zelan berreskuratuko nituen”.
Proba egin den lekuan hotz handia egin du, baina horrek kalte egin ordez, mesede egin ziola aitortu du. Lehenengo etapan, esaterako, -6 gradurekin hasi zuten proba, eta hurrengo bietan ere 4-5 gradu inguru izan zituzten. Horri esker, “indarrak gordetzen” joan zela esan du. “Lehenengo egunean, esaterako, harri denak izoztuta zeuden; oso labain eta arriskutsu zegoen dena. Egia esan, hotz handia zegoenez, gorputza gogortuago eraman nuen. Hori bai, bero edo tenperatura normala baldin badago, ez ditut hain ondo neurtzen indarrak, eta toperago joaten naiz. Hotz egiten duenean, berriz, ez dut horrenbesteko errendimendu onik. Niretzako aldekoa ez den faktoreak, mesede egin zidan”.