Sarek larunbaterako deituta zeukan mobilizazioa egokitu egin du
"Era sinbolikoan eta murritzagoan" egingo dute, egoerara egokituta, baina euskal presoen egoeraren larritasuna aintzat hartuta, mobilizazioari eutsita.
Resolution hitza marraztuko dute 600 lagunek zapatuan [urriak 24], Donostiako Kontxan, Sarek modu koordinatuan egokitutako deialdi batean. Hasiera batean deialdi zabala egin zuten, baina COVID-19aren datuek goraka nola egin duten ikusita, eta batez ere Gipuzkoan dagoen egoera larria aintzat hartuta, erabaki dute arduraz jokatu eta mobilizazioa egokitzea. Ekimena egokitu dutela eta, Lea-Artibai eta Mutrikutik Donostiara joateko antolatutako autobusak ere bertan behera utzi dituzte.
Honenbestez, 600 laguneko ordezkaritza bat bilduko dute Donostian, mosaiko batean Resolution hitza marrazteko. Hau modu ordenatu eta kontrolatuan egin ahal izateko, Sare iristen den herri eta auzoetako ordezkaritzekin koordinatuko dute, eta deitu du egun horretan sareen bitartez egingo duten jarraipenarekin bat egiteko eta hauspotzeko ekimena: “Urgentziarengatik. Egindako urratsek eta adostasunek sortu duten aukera probestu behar dugulako”.