90. greba eguna "itxaropentsua eta historikoa" izan daitekela dio Gabixolak
Markina-Xemeindarra gose greban dago Iruña-Veleia zientziaren bidez argitzea eskatzeko. Bilera eduki dute gaur [urriak 20] Ana del Val Sancho Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko foru diputatuagaz.
Itxaropentsu atera dira Iruña-Veleiako gose grebalariak gaur [urriak 20] Ana del Val Sancho Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko foru diputatuagaz egin duten bileratik. Foru diputatua “beste jarrera bategaz” aurkitu dutela eta Iruña-Veleia argitzeko pausoak ematen hasiko diren esperantza daukatela azaldu du Jose Mari Lejardi Gabixola markina-xemeindarrak.
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin bildu dira, orain arte; bost alderdiekin batu dira, Voxekin izan ezik, eta denek zientziaren alde daudela esan dieten arren, “inor ez dela mozioa aurkeztera ausartu” kritikatu du. Jarrera horrekin “desengainatuta” sentitu dela aitortu du, baina gaurko eguna “itxaropentsua eta historikoa” izan daitekeela azpimarratu du Gabixolak: “ate bat zabaldu da”.
Hala ere, tentuz jokatu nahi dute, eta sailburuak esandakoa berresten duen ebazpena esku artean dutenean, hitz egin dutenaren berri eman eta gose greba utziko dutela azaldu du. “Bien bitartean gose grebagaz eta mobilizazioekin jarraituko dugu”. Besteak beste, zapaturako [urriak 24] autokarabana deituta dago Gasteizen, Forondako aparkalekutik aterako da karabana 17:00etan.
Hiru hilabete. Iruña-Veleiako auzia zientziaren bidez argitzeko gose greba hasi zuen Gabixolak, eta 90 egun bete ditu gaur jan barik. Konponbiderik egon ezik, amaieraraino iristeko asmoa dauka, gainera: “erabakia hartuta eta bizi testamentua eginda ditut. Unai Alaña da lekukoa eta berak balioztatuko du nire testamentua betetzen dela eta jaten ez didatela ematen”. Zorabioak badituen arren, minik ez daukala azaldu du, eta ia 40 kilo kendu ditu. “Borroka hau irabaziz gero altxor bat berreskuratuko dugu, gure historia berreskuratuko dugu”.