Gimnasioaren erabilerari dagozkion zenbait neurri hartu ditu Ispasterko Udalak
Arazo batzuk sortu direnez, zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea erabaki du udalak. Besteak beste, egunean hitzordu bakarra hartu dezake erabiltzaile bakoitzak.
COVID-19agatik martxoaren 15etik itxita egon ostean, orain dela hilabete bat jarri zuten martxan Ispasterko udal gimnasioa eta, “arazo batzuk” sortu direnez, zenbait neurri hartzea erabaki du udalak, zerbitzua hobetzeko asmoz. Horrez gain, hiru makina berri erosi ditu udalak.
“Arazoak azaltzen diren heinean konpontzen ahaleginduko gara eta ez da baztertzen beste neurri batzuk hartu behar izatea”, adierazi dute udal ordezkariek.
Plataforman orain arte egutegi osoa ikusgai egon bada ere, aurerantzean hurrengo 15 egunetako hitzorduak bakarrik ikusi eta erreserbatu ahal izango dira
Egunean hitzordu bat bakarrik hartu dezake erabiltzaile bakoitzak. Momentu honetan erabiltzaile asko daudelako hartu dute erabaki: “Bakoitzak hitzordu bat baino gehiago hartzen badu, asko eta asko kanpoan gelditzen dira aukerarik gabe”. Hala ere, aurreko edo hurrengo ordua “inork ez badu hartzen edo erabiltzaile bakarrak hartuta badauka”, ordu horretan ere baimenduta egongo da erabiltzea.
Beti ere, bi pertsonako aforoa errespetatu behar dela eta hitzordua hartuta daukan erabiltzaileak lehentasuna daukala gogora ekarri dute.
Hitzordua hartzeko prestatu zuten plataforman orain arte bi pertsonentzako ordua hartzeko aukera egon da, baina orain erabiltzaile bakoitzak bere ordua bakarrik hartu dezake. “Aukerahori egon da batek baino gehiagok kuota familiarra duelako eta horie lana errazteko. Ikusi da erabiltzaile baten izena gelditzen dela erregistratuta eta bestearena ez. Gainera, ezeztatzean, erabiltzaile bietako batek ezin badu joan hartutako orduan, biak joateko hitzordua ezeztatu behar da edo, bestela, bat bakarrik joanez gero beste erabiltzaile bati kentzen zaio aukera bertara hurbiltzeko ordu horretan”, azaldu dute. Hala ere, 14-16 urte bitartekoei beste erabiltzaile batzuek hartu ahal diete hitzordua, eurentzat hartzen duten bitartean. “Horiek beti adin nagusi batekin lagunduta egon behar direlako”.
Informazioa sarean. Udal instalazioen funtzionamendua eta erabilpenari buruzko informazio guztia Ispasterko Udalaren web orrialdean
(www.ispaster.net) jasota dago.