Konfinatuta daudenentzako laguntza zerbitzua martxan daukate Ispasterren
Konfinamenduan dauden edo egon daitezkeen herritarrei euren beharrizanetan laguntzeko helburua dauka zerbitzuak.
COVID-19ak eragin edota eragingo dituen egoeraren aurrean, Ispasterko Udaletik eta Ispaster Adin Guztientzako Herri Adeitsua ekimenaren barruan, konfinamenduan dauden edo egon daitezkeen herritarrentzako laguntza zerbitzua martxan jarri dute.
Zerbitzu honen bitartez, konfinamendu egoeran dauden pertsonei, erosketak eramatea, botikak gerturatzea, edota izan ditzaketen bestelako beharrizanei erantzuna emateko asmoa daukate. “Konfinamendu egoeran daudenak eta giza baliabiderik edo inork laguntzeko aukerarik ez daukatenentzat da”, esan du Garbiñe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Beraz, egoera horretan daudenek eta euren premietarako laguntza behar dutenek, telefono zenbaki honetara deitu dezakete zerbitzua jasotzeko: 687 83 96 70.
Aurreko konfinamenduan udaletxetik eman zuten laguntza zerbitzua, eta oraingoan Ispaster Adin Guztientzako Herri Adeitsua ekimenaren barruan kokatu dute. Ispaster 2017an hasi zen herri proiektu horrekin, eta horren barruan talde eragile bat daukate sortuta. “Talde eragile horretan sei pertsonak parte hartzen dugu, eta hilean bitan batzen gara. Gizarte langileari bururatu zitzaion zerbitzu hau ekimenaren barruan ematea. Bere proposamena denok ondo ikusi genuen”.
Alkateak azaldu duenez, aurreko konfinamenduan modura, printzipioz, udal langileen bitartez eskainiko dute zerbitzua: “Lehen ez zen egon eskaera askorik, eta udaleko brigadaren bi langileekin eman zen laguntza hori. Ez genuen behar izan boluntariorik. Eta lehen esan genuen modura, eskaera asko egongo balitz, herri mailan deia luzatuko genuke, jendeak boluntario modura laguntzeko”.