Onik aurkitu dute Ogella inguruan desagertutako arrantzalea
Larrialdi zerbitzuek esan dutenez, 14:15ak aldera aurkitu dute atzo [urriak 19] desagertu zen gizonezkoa. Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, bere kabuz agertu da Ogella hondartzan.
56 urteko Ermuko bizilaguna “egoera onean” aurkitu dute larrialdi zerbitzuek, 14:15 aldera. Segurtasun Sailetik zehaztu dute bere kabuz agertu dela hondartzan, eta “protokoloa betez, arrantzalearen egoera aztertzeko” anbulantzia bat bertaratu dela. Ospitale batera hurreratu dute azterketa zehatzagoa egiteko, “baina jarraian etxera joango da”.
Atzo [urriak 19] arratsaldean desagertu zen Ogella (Ispaster) inguruan, eta bilaketa lanetan jarraitu dute gaur goizean. Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, arrantzalearen lagun batek eman zuen abisua, 17:00ak aldera: “Bere laguna arrantzan irten zela eta haren berririk ez zuela ikustean deitu egin zuen”. Olagarroak arrantzatzen zebilen gizona.
Atzo [urriak 19] 19:45ak arte aritu ziren bilaketa lanetan, eta gaur [urriak 20] 08:00etan hasi dira itsasertza arakatzen. Segurtasun Saila, Itsas Salbamendua, Babes Zibila, Gurutze Gorria eta DYA elkarlanean aritu dira erreskatea bideratzen, eta Ogellako hondartzan eduki dute operazio gunea. Desagertutakoaren senitartekoak ere bertan egon dira bilaketa lanak bertatik bertara jarraitzen.
Uretan Gurutze Gorriaren uretako bilaketa taldea (Uretako Bilaketa eta Salbamendu Larrialdietako Berehala Erantzuteko Taldea) eta Itsas Salbamenduko Salvamar Monte Gorbea ontzia, airez Ertzaintzaren helikopteroa eta lurrez Gurutze Gorriko Lurreko Bilaketa eta Salbamendu Taldea aritu dira bilaketa lanetan parte hartzen.