Publiko gutxigaz baina ikuskizun handiekin hasi da MARKArte
Jaialdiaren antolatzaile den Markina-Xemeingo Udalak azaldu duenez, artistak eta publikoa oso pozik geratu dira ikuskizunekin.
Tartean Teatroaren Simplicissimus Kabaret eta Ertza konpainiaren Zehar emanaldiekin hasi da asteburuan Markina-Xemeingo arte eszenikoen jaialdia. Markina-Xemeingo Udalak antolatutako lehen jaialdiak diziplina ezberdinekin gozatzeko aukera eskaini zien Uni frontoian bildutako ikusleei, eta haiek txalo zaparradagaz erantzun zieten artistei.
Jaialdiaren antolatzaileek azaldu duenez, artistak oso pozik geratu dira ikuskizunekin. “Uni frontoiak eskaintzen duen akustika egokia da, eta ikusleek ere emanaldia ondo ikus dezakete”, azaldu du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak. “Emanaldiak ezberdinak izan dira euren artean. Lehenengo emanaldiak zuzeneko musika eduki zuen, eta hiru aktore egon ziren oholtzan, abesten izan zen gehiena. Bigarren emanaldian musikariak egon ziren zuzenean jotzen, eta dantza eta argazki erakusketa ere eskaini zituen”.
Segurtasunari dagokionez, ikusleek jarlekua izendatuta zeukatela zehaztu du, eta antolatzaileek ikusleen datuak eta telefono zenbakia jaso zituzten badaezpada zer edo zer gertatuko balitz osasun sailari datuak helarazteko. “Denak irten du ondo, segurtasun neurriak zorrotz mantendu ditugu eta ez dugu uste inolako arriskurik egon denik”.
Edukiera 164 pertsonara mugatu bazuten ere, ez ziren leku guztiak bete, 70 ikusle egon ziren barikuan [urriak 16] eta 50 zapatuan [urriak 17]. “Justu bigarren olatu honetan harrapatu gaitu, eta asko ez dira emanaldietara joatera ausartzen, baina etorri direnak txalo zaparradagaz erantzun zioten ikuskizunari eta uste dugu gustatu dela”. Ikusleen gehiengoa, %95, Markina-Xemeingoa izan zela ere jakitera eman dute: “Hori zen momentu honetan bilatzen zena, kilometro 0-ko publikoa”.
Aforoa gehiago jaitsi. Alkateak azaldu duenez, aforoa oraindik gehiago jaistea nahi dute. “Gobernu batzordea daukagu eguenean, eta edukiera neurri zorrotzagoak adostea da asmoa”. Formatu txikiagoko emanaldiak antolatzea dutela helburu esan du. Azaro eta Abenduko programazioa lotuta daukate Uhagon kulturguneagaz adostuta, eta bidea hortik joango dela aurreratu du. “Formatu txikiagora goaz, gauzak egin behar dira neurri baten, eta elkarlanean gabiltza”. Bestalde, konfinamendurako programatuta zegoena berriz ere programatzen ari direla azaldu du, “ahal den neurrian, hartutako konpromisoak betetzen”.
MARKArtek abenduan izango du jarraipena, eta abendurako aurreikusita dituzten bi emanaldiak edukiera zehaztu berriagaz egitea dute asmoa. “Beste guztia mantenduko da, eskuen garbiketa eta tenperatura neurtzea, maskarak erabiltzea, distantziak… aforoa da zorroztu nahi dena”. Ekintza guztietarako berdina izango dela gaineratu du. “Edozein taldek edo elkartek zer edo zer antolatuz gero, neurri horiek kontuan eduki beharko ditu. Denentzat izango dira berdinak”.