Udalerri batzuetan "neurri selektiboak" hartzeko aukera aztertuko dute
Zehaztu dute 5.000 biztanletik gorako udalerriei eragingo liekeela erabaki horrek. Babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordeak aurreratu egin du batzarra; bihar [urriak 22] 18:00etan egingo dute bilera.
LABI babes sozialerako Euskadiko planaren aholku batzordea bihar [urriak 22] elkartuko da berriro. Hasiera batean barikuan [urriak 23] ziren bilera egitekoak, baina eguen arratsaldera aurreratu dute; 18:00etan elkartuko dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, hiru lurraldeetako ahaldun nagusiak, hiru lurralde horietako hiriburuetako alkateak eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria.
COVID-19aren pandemiak egunotan izan duen hedapena mugatzeko neurriak izango dituzte hizpide. Koronabirusak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban izan duen bilakera dela-eta neurri murriztaile gehiago hartu behar ote diren aztertuko dute. Besteak beste, 5.000 biztanle baino gehiago eta 100.000 biztanletik 500 positibotik gorako tasa duten herrietan hartu beharreko neurri “fokalizatu eta kirurgiko” berriak ezartzeko aukera aztertuko dutela jakinarazi dute.
Iñigo Urkullu Lehendakariak Forum Europa: Tribuna Euskadi foroaren bilera digital batean adierazi du bilkura aurreratu egin dutela. Izan ere, haren arabera, bihar jakingo dute EAEko Auzitegi Nagusiak zer erabakitzen duen Jaurlaritzak joan den zapatuan iragarri zituen neurriez. Horrez gain, Espainiako Gobernuak erkidegoiei zer proposatzen dien ere jakingo dute ordurako, baita azken egunetako datu epdemiologikoen garapena zelako izan den ere.