Geoparkean ikerketa proiektu bat garatzeko eskaera epea zabaldu dute
Eskaerak azaroaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira. Laguntza gehienez 3.500 eurokoa izango da.
Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak laguntzen deialdi irekia zabaldu du ikerketa zientifikoa bultzatzen jarraitzeko. “Ikerketa funtsezko jarduera izan da eta da Geoparkearentzat. Jarduera hori koordinatzen dugu lan ildo berriak irekitzeko, hainbat diziplina elkartzeko, ekitaldiak antolatzeko eta gure natura eta kultura ondareari buruz sortzen den ezagutza guztia biltzeko”.
Azaldu dutenez, erakundeak urtero eskaintzen du Geoparkeko natura eta kultura ondareari, eta, bereziki, ondare geologikoari buruzko ikerketa lanak egiteko laguntza bat. “Aurten, geologiaz gain, ekologia, naturagune babestuak, historiaurrea, kultura ondare ukiezina eta itsas ondarea izango dira lehenetsiko diren gaiak”.
Pertsona fisiko eta juridikoek eskatu ahalko dute laguntza eta eskatzaile bakoitzak gehienez ere bi ikerketa proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Urtebeteko edo bi urteko iraupeneko proiektuak aurkeztu daitezkeela esan dute, hori bai, laguntza gehienez ere 3.500 eurokoa (zergak barne) izango dela iragarri dute.
Eskaerak azaroaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira. Geoparkearen webgunean deskargatzeko prestatuta dagoen inprimakia bete beharko dute eskatzaileek eta dagokion dokumentazioarekin batera era digitalean zein paperean bidali beharko dute. “Bi moduetara egin behar da nahitaez”. Hala, flysch@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan eta Debako Turismo Bulegoan (Ifar kalea, 4. 20820 Deba) jasoko dituzte eskaerak.
Eskaerak bidaltzeko epea amaitu ostean, Aholkularitza Batzorde Zientifikoaren ordezkari batek, zuzendaritza zientifikoak eta Geoparkearen gerentziak baloratutako dituzte aurkeztuko eskaerak. Ondoren, Geogarapen elkarteko Zuzendaritza Batzordeari helarazio dizkiete ebazpenak, urtea amaitu baino lehen onets ditzaten.