Loratu Mutriku kanpainaren bonuak eskuratzeko ordutegia zabaldu dute
Bariku eta zapatu arratsaldetan ere bonuak eskuratzeko aukera egongo da Turismo Bulegoan. Momentuz 2.990 bonu sorta saldu dituzte.
Loratu Mutriku bonu kanpainaren baitan ateratako 7.600 bonuak saltzeko, Mutrikuko Udalak asteburuetan ere bonuak erosteko aukera zabalduko du, “astegunetan eta goizez Turismo Bulegora hurbiltzeko zailtasunak dituzten herritarrengana ere ailegatu ahal izateko”. Hala, orain arte astelehenetik zapatura 10:00etatik 14:00etara erosteko aukera bazegoen, aurrerantzean bariku eta zapatuetan 16:00etatik 18:00etara ere erosi ahalko dira, Turismo Bulegoan bertan.
Kanpaina irailaren 15ean abiatu zuten, eta hilabete igarota 2.990 bonu saldu direla jakitera eman dute. Azaroaren 15era arte 35 euroren truke 50 euroko eros ahalmena duen bonu sorta erosteko aukera zabalik dagoela gogorarazi dute. “Bonu sorta bakoitzean zazpi bonu daude. 10 euroko hiru eta 5 euroko lau izango dituzte herritarrek kanpainara atxiki diren 63 saltokietan erabili ahal izateko. Bonu sortetan eskuratu ahalko diren bonu guztiak aldi berean zein banaka erabili ahal izango dira. Hori bai, erosketaren balioa beti bonuaren bera edo handiagoa izan beharko da. Hau da, bonuekin ordaindutakoan ez da itzulketarik egingo ez esku dirutan ezta bonu txikiagotan ere”.
Bonuak erosteko prozedurak orain arteko bera izaten jarraitzen du; Mutrikun erroldaturik eta 16 urte baino gehiago dituen edonork gehienez ere bi bonu sorta erosteko aukera izaten jarraitzen duela gogorarazi dute.