PCR probak egiteko etxolak datorren astean egongo dira erabilgarri Ondarroan
Gaur etxolen instalazio elektrikoa egin dute. Irisgarritasuna bermatzeko egurrezko arrapalak ere ipintzen hasi dira.
PCR probak egiteko bi etxola ipini dituzte Ondarroako osasun zentroaren aurrean. Etxolak Ondarroako Udalak ipini ditu, osasun zentroaren eskariz. Modu horretara, “eguraldi txarragaz ere” PCR probak egin ahal izango dituzte. Martitzen [urriak 20] arratsaldean ipini zituzten, eta datorren astean erabilgarri egotea espero dutela iragarri dute udal iturriek.
Etxolak osasun zentroaren sarrerako atearen aurrean ipini dituzte. Bata, espaloiaren gainean dago eta, besteak, anbulantziak geratzen diren tokiaren zati bat okupatzen du. “Anbulantzietako arduradunekin berba egingo dugu, eta leku gehiago gehiago behar baldin badute, eremua zabaltzeko aukera egongo dela jakinarazi diegu”.
Sarrerak eta irteerak ate desberdinetatik egin ahal izateko, bina ate dituzte etxolek. Eta leihoak ere badituzte, aireztapena bermatzeko. Gaur [urriak 21] instalazio elektrikoa ipini dute. Irisgarritasuna bermatzeko egurrezko arrapalak ere ipintzen hasi dira. “Arrapalei zinta irristagaitzak ipini dizkiete, txirristadak saihesteko”.
Udal iturriek aurreratu dutenez, arrapalak barikurako ipinita egongo dira. “Erabat irisgarriak diren etxolak ere badaude merkatuan, baina udalak ezin dio gastu horri aurre egin; lau arrapalak 6.000 eurotik gora balio dute. Gai hau udalaren eskumena ez bada ere, etxolak alokatzen laguntzea erabaki dugu, baina, betiere, gure baliabideen barruan lagundu ahal izango dugu. Arrapala berriak egitea eta argi instalazioa gure kontura egingo ditugu”.