Elkartasun kutsu bereziarekin dator Errigoraren udazkeneko kanpaina
Eskaerak zapatutik [urriak 24] azaroaren 12ra arte egin daitezke. Saskien %25 euskalgintzara bideratzeaz gain, aurten AEKri, Seaskari eta Sortzeni ere diruz lagunduko die proiektuak.
Beste urte batez, Errigorak Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka udazkeneko kanapaina abiaraziko du zapatuan [urriak 24], eta eskaerak ere azaroaren 12ra arte egin ahalko dira. Aurten, gainera, elkartasun planteamendu bereziarekin dator kanpaina. Izan ere, saskiak eskatuta AEKri, Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioari eta Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteari laguntzeko proposamenarekin dator. Saskiak, oro har, iazko udazkeneko berak dira: beltza (betikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia).
Zehaztu dutenez, saski beltza eskatzen dutenek Korrikaren katilua eskuratuko dute, eta 12,50 euroko ekarpena egingo zaio Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari (saskiaren balioaren %25) eta 5 eurokoa AEKri. Saski berdea hartzen dutenek, aldiz, Seaskaren egutegia jasoko dute. «Saski berdea hartzen dutenek 15 euroko ekarpena egingo diote zonaldeko euskalgintzari, eta 5 eurokoa Seaskari». Azkenik, saski zuria hartzen dutenek Sortzenen D ereduaren haziak hartuko dituzte, eta 17,50 euroko ekarpena egingo diote euskalgintzari eta 5 eurokoa Sortzeni.
Ekoizleei dagokienez, aurten Nafarroa hegoaldeko 25 kontserba etxek, olio errotak, pastagilek, gozogilek eta lekale ekoizlek bat egin dute Errigorarekin. «Horiek guztiek, ekoizpenaren eta euskararen alorrean urratsak ematea edo euskal herritarren artean zubiak eraikitzearen alde egin dute».
Eskaerak nola bideratu. Orain arte modura, eskaerak Internetez egin ahal direla azpimarratu dute Errigorako kideek. «Dena dela, bide horretatik modaltzen ez denak herriz herri banatzen ari garen eskuorrien bidez egin ahal izango du eskaera». Eta eskaera egitean saskia edo saskiak non jaso nahi diren zehaztu behar da. «100 herri baino gehiagotan dauden 300 guneetako bat aukeratu beharko da saskiak jasotzeko. Eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da jasotzera. Ordainketari dagokionez, aurretiaz ordaindu ez badu, jasotzerakoan egingo beharko du ordainketa».
SASKIAK:
- Beltza (55 euro), betikoa (+Korrikaren katilua): Orburuak, pikillo mermelada, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba olio birjina estra, kardua, mahats zukua, ardo botila, potxak eta piper mamia.
- Berdea (65 euro), ekologikoa (+Seaskaren egutegia): Txitxirioak, ardo ozpina, oliba olio birjina estra, barazki menestra, pasta, orburuak, pikillo piperrak, arroza, zainzuri zuriak, ardo botila eta udare zukua.
- Zuria (75 euro), berezia (+D ereduaren haziak): Orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, kriantza botila, txokolatezko zigarretak, patxaran pastak, patxarana, oliba olio birjina estra, ardo zuri apartsua eta arbendol polboroiak.
ESKAERAK NON EGIN:
- Aulesti. Ilunzar tabernan (Internetez ere bai).
- Berriatua. Udaletxean (Internetez ere bai).
- Lekeitio. Azkue ikastolan, Galarrena tabernan, Lea kafetegian eta AEKn. Azken horretan ez ezik, besteetan, Internetez ere bai.
- Markina-Xemein. Alarabi dendan eta AEKn (Internetez ere bai).
- Mutriku. Kalaputxikoei esanda (Internetez ere bai).
- Ondarroa. AEKn eta Zubi Zahar herri ikastolan. Bietan Internetez ere bai.
- Ziortza-Bolibar. Betiko arduradunei esanda (Iratxe Lariz-627 85 88 84) (Internetez ere bai).