Hondakinen zerga garestituko dute Mutrikun
Erabakia Debabarrenako Mankomunitateak hartu du. Dena dela, eskualdeko herri batzuetan zerga merketu egingo da.
Datorren urtean hondakinak bildu eta kudeatzeko eta kaleak garbitzeko zerbitzuengatik Debabarrenako udalek
ordaintzen dituzten kuotak %0,5 igoko dira, bataz beste; Mutrikun, esaterako, igoera 0,15ekoa izango da. Esan dutenez, igoera “hondakinen tratamenduaren gastua handitzearen ondorioa” da. Erabakia Debabarrenako Mankomunitateko Batzar Orokorrak hartu du.
Mutrikuko udal iturriek azpimarratu dutenez, gastu gehigarri hori udalak bere gain hartuko du; hau da, ez die herritarrei eragingo. “Egoera dela eta, udal zerga gehienak izoztuta geratu dira, tartean, zaborrarena. Igoera 1.250 euro ingurukoa da; kopuru hori udal aurrekontutik bideratuko da”.
Mutrikun zerga garestitu egingo badute ere, beste herri batzuetan merketu egingo dute: Mallabian kuota %0,19 jaitsiko da, Soraluzen %2 eta Mendaron %0,16. Baina Ermuan %0,43 garestituko da, Eibarren %1,3, Elgoibarren %0,13 eta Deban %0,44.
Herri bakoitzak ordaindu beharreko zenbatekoa ondoko faktoreen arabera erabakitzen dutela argitu dute: udalerri bakoitzeko biztanleriaren arabera, herri bakoitzeko edukiontzien deskarga mugimenduen kopuruaren arabera eta deskargatu behar izan diren edukiontzi horien motaren arabera.
Horrela beraz, Debabarrenako zortzi udalerriek 2021ean Mankomunitateari 13.203.210 euro bideratuko diote. “Mankomunitatearen berezko gastuak, hala nola hondakinen bilketa eta kaleen garbiketa, %1 eta %0,8 murriztuko dira 2020aren aldean. Hala ere, Partzuergoari dagozkion hondakinen tratamenduaren inguruko gastuak %3 igo dira; ondorioz, Mankomunitateak 2020an baino 97.245 euro gehiago eman beharko dizkio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK).