Mikel Agirre ondarrutarra, hirugarren Bizkaiko Pentatloi Txapelketan
Egindako lanagaz "gustura" dago, eta balorazio "oso ona" egin du. Domekan [urriak 25] Euskadiko 3. mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa lehiatuko du, Aramaion.
Bizkaiko I. Pentatloi Txapelketa jokatu zuten zapatuan [urriak 17], Algortan, eta Mikel Agirre ondarrutarra hirugarren sailkatu zen. Harrijasotze, giza proba, aizkora, txinga eroate eta korrika probak egin behar izan zituzten zazpi kirolarik, eta BeƱat Amade geratu zen txapeldun.
Balorazio “oso ona” egin du Agirrek. “Kirol maila aldetik denok hortxe ibili ginen; lehenengo laurok elkarren gainean ibili ginen. Ousmane Drame eta nik irten ginen lehen txandan. Lehenengo harria jaso genuen hamabost bider, eta gero giza proban bi untza egin behar genituen. Aurretik hasi zen bera, harria altxatzen ni baino nahikoa abilagoa da eta nire puntu ahula harria da. Baina, giza proban aurrea hartu nion”, azaldu du ondarrutarrak.
Herri kiroletan esperientziaduna da, eta aurreko urtean Getxoko pentlatoia egin zuen. Lan on bat egiteko helburuagaz joan zen Algortara: “Suposatzen nuen lan ona eginda emaitza ez zela txarra izango. Aurkari gogorra zeuden, eta ez genekien ze mailatan egongo ziren. Hurrengo urteetarako erreferentzia bat hartzea ere bazen nire helburua”.
Aizkora txapelketa. 2020ko Euskadiko 3. mailako Aizkora Txapelketa aurreko asteburuan hasi zuten. Arabako Elburgo herrian jokatu zuten lehen kanporaketa.
33 aizkolarik izena eman dute aurtengo txapelketan aritzeko, eta hiru kanporaketa egingo dituzte. Kanporaketa guztietan aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko ebaki behar ditu (hau da, 54 ontzako lau enbor), eta kanporaketa bakoitzetik lehenengo bi postuetan sailkatzen diren aizkolariak sailkatuko dira finalera. Aurreko domekan Txomin Amundarainek eta Julen Olanok lortu zuten finalerako txartela.
Asteburuan lehiatuko dituzte beste bi kanporaketak. Bata, zapatuan Aguraingo pilotalekuan (18:30) eta bestea domekan, Aramaioko pilotalekuan (12:00).
Agirrek bigarren urtez jarraian lehiatuko du 3. mailako txapelketa. Lehiatzea eta gozatzea da ondarrutarraren helburua: “Orain arte ez dugu ezer eduki eta orain gainean harrapatu gaitu denak. Euskadiko txapelketa ezin izan dut ondo prestatu eta pena pixka bategaz nago. Pena handia da denontzat. Onartu behar dut gehiago preparatu naizela pentlatoirako, prestakuntza maila oso altua eskatzen duelako. Inplikazio maila oso altua. Kirol asko dira, eta prestatzea ez da erraza”.
Domekako kanporaketarako “talde gogorra” egokitu zaiola uste dio. “Aurreko urtean gutxigatik finalera sailkatu ez zen Luis Polanco arabarra, Yulen Aranberri gipuzkoarra… maila altua daukan jende asko dago, eta ez naiz kapaz esateko zeintzuk izango diren sailkatuko direnak”.