Alarma egoera ezartzeko eskatuko dio Urkulluk Sanchezi
Espainiako Gobernuari bidaliko dio eskaera ofiziala. Alarma egoera ezarrita ere, Urkulluk eutsiko lioke aginteari. Urkulluk Sanchezi azaldu dio egungo egoera ikusita hartu duela alarma egoera eskatzeko erabakia, nahiz eta Jaurlaritzak gaur bertan [urriak 23] jarri dituen indarrean neurri murriztaile gehiago.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari jakinarazi dio gaur bertan [urriak 23] eskaera ofizial bat bidaliko diola, erkidegoan alarma egoera ezar dezan. Udaberrian alarma egoera ezarri zutenean, Madrilek hartu zuen agintea, baina oraingoan, Urkulluk jarraituko luke buru. Pauso horren bidez, Urkulluren nahia da «ahalik eta azkarren eta arretaz jardutea, herritar guztien osasuna zaintzeko eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatzeko».
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Lehendakariak Sanchezekin hitz egin du, eta eskaera egiteko asmoaren berri eman dio. Gogoan izatekoa da atzo EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak ez ziola Jaurlaritzari baimenik eman leku publiko eta pribatuetako topaketak sei pertsonara mugatzeko, uste baitu oinarrizko eskubideak urratzen dituela eta ez duela legezko oinarririk.
Urkulluk Sanchezi azaldu dio egungo egoera ikusita hartu duela alarma egoera eskatzeko erabakia, nahiz eta Jaurlaritzak gaur bertan [urriak 23] jarri dituen indarrean neurri murriztaile gehiago; besteak beste, koronabirusaren intzidentzia tasa handia duten 25 udalerritan mugatu egin du tabernen jarduna, eta 21:00etarako itxi beharko dituzte ateak. Gaur bertan sartu da indarrean neurria, aldizkari ofizialean argitaratu ondoren.
Jaurlaritzak azaldu du alarma egoera eskatzeko erabakiak Osasun Sailaren aldeko irizpena duela, bai eta Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoarena ere. Urkulluk berak agerraldia du arratsaldean, xehetasunak emateko. Nolanahi ere, Madrili eskatuko dio erkidegoak berak mantentzea agintea, Espainiarekin «modu koordinatuan» jardunda.