Jaurlaritzak ezarritako neurri orokorrak, bereziak eta gomendioak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osorako neurriak ezartzeaz gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan mugikortasuna are gehiago mugatu dute, herri horien egoera epidemiologikoa "larria" delako. Neurri guztiak zapatuan [urriak 24] sartuko dira indarrean.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osorako neurriak ezarri eta mugikortasuna are gehiago mugatu du egoera epidemiologiko larria duten 28 udalerritan, tartean Lekeition. Neurri horiek guztiak zapatuan [urriak 24] sartuko dira indarrean. Esan dutenez, agindu horien bidez “euskal herritarren segurtasuna bermatu eta birusaren hedapena gelditu” nahi dute.
[IKUS ATZO LEA-ARTIBAIN ETA MUTRIKUN ERREGISTRATUTAKO KASU BERRIAK]
Neurri horiek guztiak Iñigo Urkullu Lehendakaria buru den Euskadiko Babes Zibilaren Planaren Aholku Kontseiluan adostu dira, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du horren guztiaren berri. “Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Bizi Berri II planean aurreikusitako laugarren egoeran daude. Hau da, birusaren transmisio handiko egoeran”. Horrez gain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurrean, Osasun sailburuak egoera “larria” dela esan eta “erantzukizun indibiduala eta kolektiboa” eskatu die herritarrei.
Ondokoak dira egoera epidemiologiko larria duten herriak:
- Bizkaia: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio
- Gipuzkoa: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga.
25 herri horientzako neurri bereziak:
- Gomendioak:
- Herrietatik ez sartu eta haietatik ez irten, osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateagatik gertatzen diren joan etorrietarako izan ezik, bai eta lan arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik, mendekoak diren pertsonei eta hiriei laguntzeagatik edo ezinbesteko kausagatik egiten diren joan-etorrietarako izan ezik.
- Gizarte topaketak elkarbizitzako talde egonkorrera mugatuko dira.
- Bertan behera utzi edo atzeratu beharko da ezinbestekoa ez den edozein familia edo gizarte jarduera.
- Ahal den neurrian, barnealdeko espazioetako gizarte topaketak bizikidetzako talde egonkorrera murriztu beharko dira.
- Neurriak:
- Bertan behera utziko da taldeko edozein kirol jarduera, bai instalazio itxietan eta baita ere irekietan.
- Kirola bakarka baino ezingo da egin.
- Haur parkeen, parke publikoen eta terrazen erabilera debekatzen da, 21:00etatik 08:00etara, pertsonak igarotzeko izan ezik.
- Debekatuta dago 21:00ak eta 08:00ak bitartean alkohola saltzea merkataritza establezimenduetan.
- Merkataritza establezimenduek, elikadura establezimenduek, farmaziek eta erregaien zerbitzuguneek izan ezik.
- Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuak: Debekatuta dago barran kontsumitzea; eserita eta mahaian kontsumitu beharko da. Ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuak 21:00etan itxi beharko dute. Ordu horretatik aurrera, lokala itxita egon beharko da, jenderik gabe, eta ezingo da berriz ireki 06:00ak baino lehen. Debekatuta dago zutik egin beharreko edozein jatetxe jarduera, koktelak edo antzekoak, besteak beste.
Nahiz eta Markina-Xemein ere transmisio oso altuan duten herrien artean egon, Jaurlaritzak ez dizkio neurri murriztaile bereziak ezarri. Eta horren zergatia azaldu du Markina-Xemeingo Udalak, Osasun sailagaz berba egin eta gero. “Jaurlaritzaren Bizi Berri Planak, biztanle kopurua kontuan edukitzeaz gain, beste faktore batzuk ere kontuan hartzen ditu. Adibidez, herriko biztanleriaren bataz besteko adina, 1. olatuan edukitako kutsadura garapena, positibo kasuen kateak identifikatuta edukitzea edo ez…”. Beraz, faktore horiek guztiak kontuan hartuta, Markina-Xemein 5.000 biztanletik beherako herri bat balitz bezala hartzen dute, nahiz eta 5.100 biztanle inguru eduki. “Dena dela, kontuan hartzen dituzten faktoreak aldatuz gero, 5.000 biztanletik gorako herrietan sartuko gintuzkete”. Hala eta guztiz ere, Markina-Xemeingo Udalak Jaurlaritzak Bizkaiko 5 herriri ezarritako neurri berezietan jasotako gomendio batzuk errespetatzea erabaki du.
Beste aldetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoari eragingo dieten neurri orokorrak ondokoak dira:
- Pertsonen bilerak eta topaketak: Edozein talde edo bileratan gehienez ere sei pertsonak parte hartzea gomendatzen da.
- Hil-beilak eta ehorzketak: Hil-beiletan, aire zabaleko espazioetan gehienez ere 30 pertsona batu ahalko dira, eta gune itxietan 6. Pertsona gutxiago batuko balira ere, ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu. Horrez gain, hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean gehienez ere 30 pertsona egon ahalko dira, “betiere espazio irekian egiten bada”. Espazio itxian eginez gero, gehienez 10 pertsona batu ahalko dira, eta segurtasun tartea mantendu beharko da.
- Gurtzarako espazioetan: Gune horiek % 50eko edukiera izango dute, eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Gehienezko edukiera ikusteko moduko lekuan argitaratu beharko da.
- Ostalaritzako, txokoetako eta sozietate gastronomikoetako establezimendu eta zerbitzuak:
- Barruko edukiera, gehienez % 50.
- Terrazetan kontsumiti daiteke; bertako edukiera librea izango da.
- Mahaien artean 1,5 metroko distantzia fisikoa bermatu beharko da.
- Mahai bakoitzean 6 pertsona egon ahalko dira, gehienez, bai barruan eta baita ere kanpoan.
- Kontsumitzeko eserita egon beharko da.
- Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da une oro, kontsumitzeko unean bertan izan ezik.
- Beranduenez 00:00etan itxi beharko dute, bezeroak irtenarazteko prozesua barne.
- Txoko eta sozietate gastronomikoak itxita egon beharko dute.
- Kultura, kirol eta gizarte jarduerak:
- Barnealdean: gehienez % 50eko edukiera, eta gehienez 400 pertsona.
- Kanpoaldean: gehienez % 50eko edukiera, eta gehienez 600 pertsona.
- Kirol instalazioak eta kirol lehiaketak:
- Kirol instalazioen edukiera % 50ekoa izango da.
- Kirol lehiaketak, ekitaldiak eta ikuskizunak leku itxietan egin daitezke, % 50eko edukiera mugarekin eta gehienez ere 400 pertsonarekin. Aire zabalean, aldiz, gehienez % 50eko edukiera muga egongo da, eta asko jota 600 pertsona batu ahalko dira.
- Jarduera fisikoa, aire zabalean zein gune itxietan: Kontaktu fisikorik gabe eta 6 pertsonatik beherako taldeetan egin ahal izango da, banaka edo taldeka.