Kultur ekitaldiak bertan behera uzti dituzte Mutrikun
COVID-19aren intzidentzia tasak gora egin duela kontuan hartuta, datozen bi asteetan aurreikusita zeuden kultur ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du Mutrikuko Udalak.
Azken egunotan COVID-19aren intzidentzia tasak gora egin du Mutrikun, eta ondorioz, gune gorriko udalerrien zerrendan sartu dute. Osasun larrialdi egoera dela eta, Mutrikuko Udalak datozen bi asteetan aurreikusita zeuden ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du. “Udalak ziurtasun guztia du, orain arte egin diren ekitaldietan ikusi ahal izan den modura, segurtasun osoz ekitaldi hauek aurrera eramateko gaitasuna duela. Baina momentua ez da ona, eta ondorioz, zuhurtziaz jokatzeko momentua dela argi dugu”.
Honakoak dira bertan behera geratu diren ekintzak: urriaren 29ko Ipuinaren ordua, urriaren 30eko Death Coffee Heriotzari buruzko tertulia, urriaren 31ko Hil baino lehen nahi dut hormairudia eta azaroaren 5 eta 8ko Antzerkiaz Blai! egitasmoaren baitako antzerkiak.
Udal iturriek azpimarratu dutenez, bertan behera geratu diren ekintzak osasun larrialdi egoerak hobera egiten duen momentuan berreskuratzeko saiakera egingo dute. Bertan behera geratu ez diren ekitaldiei dagokienez, ondorengo egun eta asteetako egoera zer nolakoa ikusi beharko dela ohartarazi dute, ekitaldiekin aurrera egin edo ez erabakitzeko. “Udalak jarrera positiboa du egoeraren aurrean, eta egoerak onera egingo duen esperantzarekin ez du etorkizuna aurreratu nahi izan, eta hortaz, ez ditu ekitaldi guztiak bertan behera utzi”.
Ondarroa. Jaurlaritzak ezarri duen arau berria kontuan edukita, bestalde, Ondarroako Literatur Amuak jaialdiaren baitan barikuan [urriak 30] Izaki Gardenak taldeak 22:00etan eman behar zuen kontzertua ordubete aurreratu dute, 21:00etara. Udal iturriek nabarmendu dutenez, kontzertuaren ordua aurreratuta, bertaratzen direnek 23:00etan etxean egon ahal izango dute. Gogorarazi dutenez, 19:00etako kontzertua bere horretan mantenduko da.
Ordu aldaketarengatik edo arau berriagatik kontzertura bertaratu ezin direnei dirua bueltatuko zaiela jakitera eman dute. Horretarako interesa dutenek barikua [urriak 30] aurretik egin beharko dute eskaera. Horretarako bi modu daude. Batetik, Turismora Bulegora (12:00etatik 14:00etara edo 17:00etatik 19:00etara) joan eta diru jaso ahalko da. Hori egiteko aukera ez dutenek mrey@ondarroa.eus postara idatzi beharko dute eta dirua beste modu batera jaso. “Garrantzitsua da dirua jaso nahi dutenek barikurako gauza bat edo bestea eginda izatea”.