Ondarroako Zeledonio eraikinean laginzuloak egingo dituzte egunotan
Bihar edo etzi hasiko da ikerketa geoteknikoa egiten Eptisa ingenieritza enpresa. Lurzoru eta zimendu zundaketa mekanikoak, obrako sartze saiakuntzak eta laginketak egingo dituzte.
Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Zeledonio Arriola ikastetxe publikoa zenaren eraikinean laginzuloak egiten hastea aurreikusten dute eguenean [urriak 29] edo barikuan [urriak 30]. Udal iturriek iragarri dutenez, Eptisa ingenieritza enpresak egingo ditu lanak, zimenduen egoera zehazki zein den ezagutzeko.
Lanek astebete inguru iraungo dute, eta horiek dirauten tartean, eraikinaren atzeko aldean dagoen aparkalekuan eraikinaren parez dagoen lehen ilaran ezingo da aparkatu, “lanak egin ahal izateko beharrezko makineria jarri eta lan egin ahal izateko”. Lekua hustu ahal izateko zinta bategaz inguratu du Udaltzaingoak, eta bertan aparkatuta dauden ibilgailuei oharra ipini diete. Ikerketa geoteknikoa egiten hasi eta barrura beharrezko makineria sartu ahal izateko, gainera, San Ignazio kalera eman duten hormetako bat eraitsi behar izan dute. Atzo [urriak 27] egin zituzten beharrezko lanak udal brigako langileek.
75 urtez herriko eskola izan zena 2004an itxi zuten Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren eskariz, zutabe batzuetan aurkitutako egitura patologiak zituela eta egoera txarrean zegoela argudiatuta. Ordutik lau solairuko eraikina ez da erabiltzen; garai batean eskolako jolastokia zena erabiltzen da bakarrik, aparkaleku modura.
Eraikinaren jabetza udalarena da, eta Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak azpimarratu duenez, udalak erabilera eman nahi dio eraikinari. “Baina horretarako lehenengo ezinbestekoa da zer egoeratan dagoen zehatz ezagutzea. Aste honetan lurzoru eta zimendu zundaketa mekanikoak, obrako sartze saiakuntzak eta laginketak egingo dituzte, gero laborategira bidali eta ondorio zehatzak ateratzeko. Beharrezko urratsak dira etorkizunean eraikina erabilgarri edukitzeko”.
Udal iturriek aurreratu dutenez, ondorioak eta emaitzak Gabonetarako edukitzea espero dute. “Horien arabera erabakiko dira eman beharreko hurrengo urratsak”.