Ondarrutar Naturala lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabaldu dute
Binaka parte hartu beharko da lehiaketan. Azaroaren 15era arte ikastetxeetan, udaleko euskara zerbitzuan, Turismo Bulegoan edo Gaztelekuan eman daiteke izena.
Ondarroako Udalak Ondarrutar Naturala mahai jokoan oinarritutako lehiaketa antolatu du. Udaleko Euskara batzordearen nahia lehiaketa Antxoa Egunean egitea zen, baina COVID-19a dela eta, bertan behera laga behar izan zuten. Orain, Euskaraldia datorrela baliatuz eta prestaketa lan asko eginak zeudela kontuan hartuz, azaroaren 29an antolatzea erabaki dute. Jakinarazi dutenez, izena emateko aukera zabalik dago azaroaren 15era arte. Ikastetxeen bitartez, udaleko euskara zerbitzuan eta Turismo Bulegoan eman daiteke izena, eta asteburuetan, Gaztelekuan ere bai.
Binaka parte hartu beharko da lehiaketan. LH5etik aurrerakoek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, baina betiere heldu batekin osatu beharko dute bikotea. 16 urtetik aurrerakoek, ostera, elkarrekin parte hartu ahalko dute bikotean. Iragarri dutenez, izena ematen duten bikote kopuruaren arabera zehaztuko da lehiaketaren funtzionamendua. “Parte hartzaile guztientzat egongo da sariren bat. Eta publikoak ere parte hartu eta sariren bat irabazteko aukera ere edukiko du”.
Tribial baten antzera, galdera-erantzunetan oinarritzen da jolasa. Parte hartzeko Ondarroako gauzak jakitea baino besterik ez dela behar gogorarazi dute antolatzaileek. “Ondarroako istorioak, herritik kanpo ere ospea izan duten pertsonak ezagutu, gertaerak, esaerak, toki izenak, joko izenak, bitxikeriak, hitzen esanahiak… Ondo pasatzeko, dakiguna ez ahazteko eta hizkuntzaren eta kulturaren transmisioak duen garrantziaz ohartarazteko aukera emango digu lehiaketak”, azaldu du Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak.