Auzo eskolen inguruko hitzaldia eskainiko dute Markina-Xemeinen
Patxi Juaristi markina-xemeindarrak auzo eskolei buruzko hitzaldia eskainiko du zapatuan [urriak 31], 18:00etan, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan. Hitzaldira joan nahi dutenek barikua [urriak 30] dute izena emateko azken eguna; 13:30ak arte izena eman daiteke, Uhagonera joanda, telefonoz deituta (94-616 63 03) edo posta elektronikoa idatzita (kulturgunea@uhagon.com). Hitzaldia segurtasun neurriak «zorrotz» beteta egingo dela esan dute.
Besteak beste, auzo eskolak baserriek osatutako auzoek alfabetatzeko beharrak bultzatuta sortu zirela azalduko du Juaristik. «Bizkaiko Foru Aldundiaren eta tokian tokiko udal eta auzoen elkarlanetik sortu ziren, eta garrantzia handia eduki zuten auzoetako umeak eskolatzeko eta gizarteratzeko. Hasiera bateko helburua umeak eskolatzea eta euskararen presentzia bermatzea baziren ere, hurrengo hamarkadetako aldaketa politikoek asko baldintzatu zituzten helburu horiek».