Domu Santu Egunerako neurriak hartu dituzte udalek
Jende pilaketak saihesteko, hilerriak ordu gehiagotan egongo dira zabalik. Herriz herri neurri ezberdinak hartu dituzte.
- Berriatua: Jende pilaketak saihesteko, hilerria zabalik egongo da Domu Santu Egunaren aurreko egunetan eta hurrengo egunetan ere.
- Gizaburuaga: Jende pilaketak saihesteko, domekan 11:00etako meza osteko elizatik hilerrira egiten den prozesioa bertan behera geratu da; elizkizunean egingo dute ohiko bedeinkazioa.
- Lekeitio: Asteburuan jende pilaketak egon daitezkeela ikusita, kanposantura urriaren 31a eta azaroaren 1a aurretik joateko gomendioa egin die udalak herritarrei. Kanposantuaren ordutegia luzatu egingo dute, 08:00etatik 20:00etara zabalduz. Domekan kanposantua hiru gunetan banatuko dute, eta gune bakoitzera sartzeko ate ezberdin bat egongo da. Herritarrei laguntzeko asmoz, informazio puntu bat jarriko dute, eta kanposantuaren inguruan laguntzaileak egongo dira jendea bideratzeko. Zapatuan eta domekan ezingo dira autoak kanposantura igo.
- Markina-Xemein: Kanposantua 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Ahal dela, mugimendu gehieneko orduak saihestea eskatzen zaie bertaratzeko asmoa dutenei. 30 pertsonako edukiera mugatua izango da, eta kopuru hori ez gainditzea zainduko da. Beharrezko segurtasun eta higiene neurriak hartu beharko dira sartu ahal izateko: maskararen erabilera une oro, eskuen garbiketa eta segurtasun distantzia. Gomendatzen da bisitak astean banatzea, domekarako utzi barik.
- Mutriku: Hilerria 08:00etatik 18:00etara zabalik egongo da, eta bertako kapera itxita egongo dela iragarri dute. Barruan onartuko den gehiengo aforoa 150 lagunekoa izango da.
- Ondarroa: Jende pilaketak saiheste aldera, udalak hilerrira aurreko egunetan edo hurrengoetan igotzea gomendatu du. Domekan ibilgailuei kostaldeko bidetik joatea baimenduko zaie. Herri barrutik ezingo da autoz igo ez jaitsi; Txomin Agirre kaletik soilik oinezkoek joan ahal izango dute.
- Ohar orokorrak (hilerri guztietarako): hilerrien aforoa %50ekoa izango da, maskara derrigorrez erabili beharko da eta objektuak ikutuz gero, eskuak desinfektatu beharko dira. Taldeka joanez gero, ezingo da 6 pertsona baino gehiagoko talderik batu. Tresnarik ez elkarbanatzea ere gomendatu dute (ureztagailuak, erratzak…).