Helburua lortuta, gose greba bertan behera utzi du Gabixolak
Agerraldia egin dute gaur [urriak 29] goizean Gasteizen Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose grebalariek. Arabako aldundiak aztarnategirako beste plangintza bat duela azaldu dute.
99 egun gose greban egon eta gero, amaitutzat eman gu gaur [urriak 29] protesta Jose Mari Lejardi Gabixola markina-xemeindarrak. Urriaren 20an Ana del Val Arabako kultur diputatuarekin izandako bileratik «itxaropentsu» atera ziren Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose grebalariak, eta agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen bileraren berri emateko.
Bost lagunek hasi zuten gose greba: Jon Urruxulegik, Josu Urrexolak, Patxi Alañak, Unai Alañak eta Gabixolak. COVIDa dela eta azken biak egon ahal izan dute gaurko agerraldian, eta Nicolas Xamardo irakasleak lagundu die azalpenak ematen.
Gabixolak HITZAri azaldu dionez, aldundiak beste plangintza bat dauka aztarnategirako, eta aztertu ez diren grafitoak gorde eta aztertzeko asmoa ere adierazi diete. Horrez gain, indusketak zuzentzeko arkeologo independente bat kontratatzeko asmoa dutela ere jakinarazi zietela esan du. “Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariekin egon ginen, eta Iruña-Veleiako auzia zientziaren bidez ebatzi behar dela denek onartu badigute ere ez dute beste pausorik eman”. Beraz, kultur diputatuaren berri onak ez zituzten espero. “Hiru bidar erabili zuen “altxorra” hitza, eta dena hasieratik abiaraziko zuela esan zuen. Harrituta geratu ginen”.
Azaldu duenez, Iruña-Veleia aztarnategitik ateratako piezak hor zeudela gogoratu zion diputatuari.”400 piezatik 40 baino ez ziren aztertu, eta 18 kutxa daude ireki barik eta horiek aztertu eta datak jarri behar zaie. Orain irteten direnak onak badira, ordukoak ere onak izango dira”.
Eurak “egiaren bila” ari direla azpimarratu du, eta laborategietan bermatu ahal dela dena. “Guk helarazitako eskariak ere kontuan hartuko dituztela jakin dugu. Hala ere, egoera berrian konfiantza eduki arren, adi egongo gara. Diputatuak esandako berba horiek betetzen direla ziurtatzea izango da orain gure lana”.
Galtzaileak. Gabixolaren esanetan Iruña-Veleia estali nahi izan dutenak, itxi nahi izan dutenak, suntsitu nahi izan dutenak dira galtzaileak, eta hondeamakina batekin hamabost egunez 1,5 metroko sakoneran «legez kanpo» egindako zulaketa ere salatu du. “Bateren batek grabatu zuelako gelditu zen zulaketa, bestela gaur egun hor ez zen egongo. Dena estaltzera joan ziren. Horiek dira benetako galtzaileak”.
Emandako aurrerapausoagaz «pozik» agertu da, eta uztailaren 23an abiarazitako borrokak emaitzak izan dituela azpimarratu du. “Kostatu zaigu asko, baina azkenean lortu dugu eta aukera daukagu oraindik parlamentuaren mahaiak, hala onartuz gero, gure idatzia lantzeko. Ezetz esango balute kultur batzordean azaldu ahalko dugu”.