Urtarrilean eraitsiko dute Ondarroako Kalare Deuna kofradia
Lehen fasea amaitu aurretik kofradian dauden bulegoen lekualdaketa egin beharko dute. Esan dutenez, datorren urteko kosteran lonja berriko eraikinean egingo dituzte, besteak beste, arrain deskargak, pisaketak edota benta.
Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, datorren urtearen hasieran eraitsiko dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiako eraikina. “Printzipioz, urtarrilerako dago aurreikusita eraisketa egitea. Solairuka eraitsiko da eraikina”. Lonja berriaren lanen lehen faseari eraikinaren eraisteagaz emango diote amaiera.
Fase horretan, sartuta, gainera, arrain deskargak dagoeneko eraikita dagoen lonja berriko zatiaren barruan egiten hastea aurreikusten da. “Datorren urteko kosteran instalazioa prestatuta egongo da arrain deskargak, pisaketa eta bestelako lanak egiteko”. Arrainaren benta ere eraikin horretan egingo dute; bai baxurakoa eta baita arrastekoa ere.
Eraispen lanak egin aurretik, baina, kofradian dauden bulegoen lekualdaketa egin beharko da alboko eraikin berrira; bulegoak birkokatu behar dituzten eraikineko lanak amaitzen ari dira. HITZA kofradiako langileekin jarri da harremanetan, eta lekualdaketa noiz egin beharko duten ez dietela zehaztu adierazi dute; aginduaren zain daude. “Lekualdaketa urtarrilean edo holakoren bat izango dela diote. Oraindik ez gara ezertan hasi”.
Lonja berriaren lanak Bycam, Gaimaz eta Altuna eta Uria enpresek sortutako UTE Ondarroa egiten ari da, eta martxa onean aurrean jarraitzen dutela esan dute. “Dena aurreikuistakoa bezala doa, inongo arazorik gabe”. Iragarri dutenez, bigarren fasean egin beharreko lanekin ere hasita daude. “Instalazioaren zimendatzeko lanak hasita daude. Uda hasieran baimendu zen lanak hastea, eta hori aurreratu ahal izan dute”.
Hain zuzen ere, lonjaren ondoko hegala eraikitzeko lanak egiten hasita daude; kamioien karga eta deskarga gunea izango dena prestatzen dabiltza azken asteotan. Egunotan, esaterako, eraikinaren zutabeak ipintzen aritu dira.