Zergak eta tasak ez igotzea erabaki du Lekeitioko Udalak
Egungo egoeran, lekeittar askoren ekonomiak "kolpe handia" jasan duela-eta garrantzitsua dela esan dute, "horren aurrean erraztasunak ematea".
Udal zerga eta tasak aurtengo modura mantentzea erabaki du Lekeitioko Udalak, igoerarik barik. Urte honetan bizi dugun osasun eta gizarte larrialdia kontuan izan dute erabakia hartzeko.
2021ko ordenantza fiskalek, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko beharrezkoak diren diru-sarrerak bermatzeko helburua dutela gogoratu dute. Hala ere, nahiz eta erabaki horrek udalean diru sarrera gutxiago izatea suposatu, herritarrei erraztasunak ematea lehenetsi dute. “Egungo egoeran, lekeitiar askoren ekonomiak kolpe handia jasan du eta garrantzitsua da horren aurrean erraztasunak ematea. Lekeitioko Udala jakitun da egoera horretaz, eta zergak eta tasak ez igotzea erabakia hartu du, herriak aurrerapausoak eman eta hobetzen jarraitzeko bideragarritasuna bilatzen den neurrian, herritarrei ere lagundu ahal izateko”.
Beste batzuen artean, Ondasun Higiezinen Gaineko zerga-hiri ondasunak, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga, zaborren bilketa, estolderia, hilerria, merkatua eta hirigintzako baimenak aurkitzen dira bere horretan mantenduko dituzten zerga eta tasen artean.