Lea-Artibain 27 positibo berri erregistratu dituzte
Azpimarragarria da atzo [urriak 29] Ondarroan erregistratutako kasu berrien kopurua: 13. Beste positibo berriak ondoko herrietan atzeman dituzte: Lekeitio (7), Markina-Xemein (2), Berriatua (2), Aulesti (1), Ispaster (1) eta Munitibar (1). Eusko Jaurlaritza neurri murriztaile gehiago ezartzea aztertzen ari da.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 27 kasu berri erregistratu zituzten Lea-Artibain. Ondoko herrietan erregistratu dituzte kasu berriak: Ondarroa (13), Lekeitio (7), Markina-Xemein (2), Berriatua (2), Aulesti (1), Ispaster (1) eta Munitibar (1). Azpimarragarria da atzo [urriak 29] Ondarroan erregistratutako kasu kopurua. Izan ere, azken egunetako bilakaera ikusita, Ondarroa da Lea-Artibai mailan egoera epidemiologiko txarrena daukan herria.
Gune gorrian. Ondarroa eta Lekeitio dira eskualdean gune gorrian dauden herriak; 100.000 biztanleko 768,34ko tasa dauka Ondarroak, eta 621,03koa Lekeitiok. Mutrikuri dagokionez, azken bi egunetan kasu berririk erregistratu ez dutenez, tasa nabarmen jaitsi da (100.000 biztanleko 374,95ko tasa dauka).
Lurraldeka. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [urriak 29] 16.237 PCR egin zituzten, eta horietatik 1.325 positibo erregistratu zituzten (%8,2). Herenegun positiboen ehunekoa nabarmen jaitsi bazen ere, atzo erregistratutako kasuekin berriro ere positiboen ehunekoa puntu bat igo da. Bizkaian 605 positibo erregistratu zituzten, 570 Gipuzkoan eta 140 Araban. Horiei EAEn bizi ez diren herritarren artean atzemandako 10 kasu gehitu behar zaizkie.
Hiru lurraldeetan ospitaleratuta daudenak 395 dira (herenegun baino 9 gehiago). Eta horietatik 84 dira ZIUn daudenak (herenegun baino 5 gehiago).
Neurri murriztaile gehiago? Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, koronabirusari buruz hitz egin du IƱigo Urkullu Lehendakariak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako galdera banari erantzunez. Urkulluk aitortu egin du izurriaren egungo egoera “larria” dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta atea ireki dio neurri murriztaile gehiago hartzeari.
Gaineratu du Eusko Jaurlaritza une oro ari direla ebaluatzen aste hasieran hartutako neurrien eragina, eta izurriaren garapenaren arabera ez dutela baztertzen bestelako neurri batzuk hartzea, hala nola gaueko aisialdia gehiago mugatzea, ariketa fisikoari eta kirol jarduerei muga gehiago jartzea, hezkuntzako goi zikloetan irakaskuntza ez-presentziala ezartzea eta konfinamendu “zorrotzagoak” abiatzea. Hala ere, azpimarratu du Jaurlaritzaren asmoen artean ez dagoela herritarrak berriro etxean konfinatzea: “Azken alternatiba da dena ixtea eta herritarrak konfinatzea”. Lehendakariaren esanetan, herritarrak berriro konfinatzea erabakirik “errazena” izango litzateke, baina gisa horretako erabakiak hartzea saihestu behar da, pandemiaren lehen olatua “oso gogorra” izan zelako. Kutsatzeak gutxitzea ezinbestekoa dela esan du, eta herritarren “konpromisoa” eskatu du horretarako, “bai maila pertsonalean, bai kolektiboan”. Azken neurri horretaz ez baliatzea espero badu ere.