Mihi urdinaren foku bat dagoela esan du aldundiak
Fokua Gipuzkoan atzeman dute. Esan dutenez birusak ez die pertsonen osasunari eta elikadura kateari eragiten, baina Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko behi eta ardi azienda guztiak txertatzea erabaki du.
Esan dutenez, Gipuzkoan, zehatz esanda Aian atzeman dute mihi urdinaren fokua. “Gaixotasun biriko ez kutsakorra da, hausnarkariei eragiten diena, eta haren transmisio bide bakarra Culicoides taldeko eltxo espezie batzuen ziztada da”. Horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko behin eta ardi azienda guztiak txertatzea erabaki du.
Fokuaren osasun hesi gisa ezarritako eremuan hasiko dira txertaketak egiten. Hau da, foku horren inguruko 50 kilometroko erradioan. Eremu horretan sartzen dira Gernikako ENBek zerbitzua ematen dieten 52 udalerriak, eta tartean daude Lea-Artibaiko herri guztiak; eremu horretan egingo dituzte lehen txertaketak. “Gaixotasun hori ez da osasun publikoko arazo bat, ez baitie eragiten pertsonen osasunari eta elikadura kateari”.
Esan dutenez, gaixotasun horren aurrean protokolo bat dago ezarrita. “Horren arabera, txertoa nahitaez jarri behar da fokua atzematen den tokitik 50 kilometroko erreadioan”. Eremu horretatik kanpo, txertoa jartzea borondatezkoa dela gaineratu dute. “Dena dela, aldundiak erabaki du txertaketa lurralde osoan egitea, abereen osasuna bermatzeko eta, ondorioz, gainerako jarduera ekonomikoak bezala, krisiaren eraginpean dagoen sektore bati kalterik ez eragiteko”. Esan dutenez, Bizkaian 47.000 behi eta 56.300 ardi daude, eta aldundiak bere gain hartuko du txertaketaren kostua.
Ardi azienden kasuan, txertoa dosi bakarrean ematen dela azaldu dute. “Behi azienden kasuan, baina, lehen dosia eman eta 21 egunera bigarren dosi bat eman behar da”.