Edriga Aranburuk Bizkaiko Arraun Federakuntzako presidente izaten jarraituko du
Azken lau urteetako balorazio ona egin du lekeitiarrak; ezarritako helburuak bete egin direla dio.
Bizkaiko Arraun Federakuntzak gaur [azaroak 2] bertan iragarri duenez, Federakuntzako presidente aukeratu dute beste lau urtez, Edriga Aranburu Agirre (Lekeitio, 1989). Azken lau urtean ere federakuntzako presidente izan da Aranburu (2016-2020), eta aurretik, idazkaria izan zen (2011-2016).
Aranbururen izendapenagaz 2020ko irailaren 19an hasitako hauteskunde prozesuari amaiera eman dio Bizkaiko Arraun Federakuntzak, eta orain arte zuzendaritza batzordean egon direnei eta jarraituko ez dutenei eskerrak eman eta batzordean jarraituko duten kideei eta kide berriei ongi etorria eman diete.
Azken lau urteetako balorazio ona egin du Aranburuk. Jarri zituzten helburuak bete direla azaldu du. “Azken urtea apur bat arraroa tokatu zaigu, baina aurreikusitakoak bete ditugu”. Helburu moduan jarri zuten esaterako, batel estropadak eta banku mugikorreko estropadak gazteen kategorietan sendotzea, eta asmo hori bete dutela dio. “Aldaketa batzuk ere eduki ditugu ligagaz eta epaileekin, aurreko presidentearen kasuetatik zetozenak, eta esan daiteke gaur egun dena dagoela konponduta”.
Batel liga martxan zeukatela harrapatu zituen COVID-19ak, eta osasun protokoloak beteta, liga ahal zenik eta arinen hastea jarri zuten helburu. Hala ere, batel liga ezin izan dute martxan jarri, aldiz, txapelketak eta banku mugikorreko estropadak egin ahal izan dituzte. “Gure asmoa batel liga maiatzean egitea zen, baina trainerillak ere bazeuden, eta egitarauari begiratuta ez zegoen datarik denerako. Horrela, maiatzean ezin izan zen batel ligarik egin eta irailean txapelketak egin ahal izan ditugu. Guk egin dugu, Euskal Herrikoak ere egin dira eta Espainiakoak ere bai”.
Taldea osatzen. Estatutuen arabera momentuz presidentea aukeratu dute eta bere taldea eratuko du ondoren, Aranburuk. “Aurreko agintaldietatik klubak zuzendaritza batzordean ordezkatuta egotea izan dugu helburu. Federazioa klubek egiten dute, eta erabakiak hartzeko federazioko zuzendaritzan egotea hobeto ikusten dugu. Hori dela bidea ikusten dugu, eta orain ere hortik jo dugu”. Aurreratu duenez, zazpi pertsona egongo dira zuzendaritzan.
Aurrera begira erronka garrantzitsu bat daukate: “Urte askoan federakuntzan lan egin duen batek beste etapa profesional bat hasten du eta utzi egingo du federakuntza. Beraz, bere aldaketa ahalik eta hobekien egitea eta klubak ere egoera berrira moldatzea egokituko zaigu aurten. Horrek balioko digu, bai eta ere, federazioa bera garai berrietara egokitzeko”. Liga ezberdinekin daukaten harremana ona dela gaineratu du presidenteak, eta hori ere aprobetxatuko dute egoera berrirako.
Bestalde, aurrekontuak zarratzen dabiltzala ere azaldu du Aranburuk. “Bizkaiko Foru Aldundiagaz adosten eta epe luzera begirako aurreikuspenak egiten ari gara, epe luzerako finantziazioa lortu eta urtero horri begira ez egoteko”. Bide horretan, urte birako finantziazioa lortu dute, 2020 eta 2021, eta estropada gehiago egin edota beste leku batzuetan egiteko aukerak landuko dituzte.