2021eko egutegirako argazki lehiaketa abiarazi dute Berriatuan
Argazkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 28a da. Parte hartzaile bakoitzak nahi adina argazki aurkeztu ditzake. Bi sari banatuko dituzte, eta parte hartzaile guztien artean zozketa ere egingo dute.

Beste herri askotan egin modura, Berriatuko Udalak ere 2021eko egutegia herritarren argazkiekin osatu nahi du. Hala, argazki lehiaketa abiarazi du. “Aurtengoa urte berezia izan denez, argazkiak herriko paisaiei ateratakoak izan beharko dira”, zehaztu dute. Argazkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 28a da.
Guztira bi sari banatuko dituzte: argazki onena eta eta argazki sorta onena (gutxienez 4 argazki) sarituko dituzte. Biek sari berdina eskuratuko dute: herriko dendetan gastatzeko 100 euroko erosketa bonua. Horrez gain, parte hartzaile guztien artean 50 euroko bi erosketa bonu zozkatuko dituzte.
Nola aurkeztu? Argazkiak aurkezterakoan, argazki bakoitzari hilabetearen izena ipini beharko zaiola esan dute. Argazkiak digitalak izan behar dira, eta formatu horizontalean aurkeztu behar dira. Posta elektronikoz bidali behar dira: egutegiargazkiak@gmail.com.
Udal ordezkariek sare sozialen bidez jakinarazi dute 2021eko egutegia herriko etxebizitza guztietara banatuko dutela.