Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa izatea nahi dute
Hamaika Garak Euskal Herriaren puntu gorria burujabetzaren mapan kokatzera deitu du. Esan dute alderdi politikoei dagokiela «adostasun zabala lege bihurtzea».

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen aldeko Hamaika Gara egitasmoak Euskal Herriaren puntu gorria burujabetzaren mapan kokatzera dei egin du. «Erabakitzeko bidean dauden herrien mapan kokatu behar dugu Euskal Herria. Ez dugu beste herrien erabakitzeko prozesuen ikusle izan nahi; Europatik olatu demokratiko berri bat dator, eta olatu hori hartzeko prest egon nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu igerian», esan du Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak. Horregatik, erreferenduma babesteko Altxa! lelopean abian jarri duten sinadura bilketa masiboa izatea nahi dute.
Josu Etxaburu Gure Esku-ko ordezkari ondarrutarrak sinadura bilketan parte hartzera deitu ditu herritarrak, hura gauzatzeko «baldintzak» sortzeko: «Gure bideak oinarri zabal bat behar du. Herritarron babes masiboa batzen badugu, herri honetan erreferendum bat egingo dugu». Gaineratu zuen alderdi politikoei dagokiela gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen «adostasun zabala lege bihurtzea», eta ohartarazi ez dutela «hori baino gutxiago» onartuko: «Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke». Etxaburuk gaineratu du elkarlanerako eskuak zabalik dituztela, eta bidean aurrera egiteko determinazio osoa daukatela.
Herritarren indarra. Oro har, krisiak aukera izan daitezkeela dio Etxaburuk. «Aukerarik ez dagoela ere pentsatuko dute batzuek. Badakigu behelaino artean gabiltzala, badakigu oso zaila dela bizi dugun egoeran etorkizunari baikor begiratzea. Baina orain, inoiz baino gehiago, herritarron indarrean sinestu behar dugu. Izan ere, krisiek ez dituzte berez aukerak zabaltzen; aukerak guk geuk sortzen ditugu».
Bateko eta besteko herritarrek Internet bidez sinatu ahal dute, Hamaika Gararen webgunean. Horrez gain, pandemiaren bilakaeraren arabera eta egoerak utziz gero, zenbait herritan ere sinadurak jasotzeko aukera egon liteke.