Ingurumenari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Mutrikun
Ingurugiro batzordearen ekimenez, Youtube bidez zuzenean emango diren lau jardunaldi antolatu dituzte. Lehenengoa eguaztenean [azaroak 4] egingo dute.
Mutrikuko Udalak estreinako antolatu ditu jardunaldiak, herritarrei ingurumenari buruzko gai interesgarrien berri emateko asmoarekin. Zehaztu dutenez, Ingurumenaren paisaia izeneko jardunaldiak Ingurugiro batzordearen ekimenez egingo dituzte. “Proposamena han landu dute”.
Denetara lau berbaldi eta mahai inguru antolatu dituzte, eta bertan azkenaldian “puri-purian” dabiltzan gaiak landuko dituztela aurreratu dute. Eukaliptoen landaketak, basogintza, arrantza sektorearen etorkizuna edo paisaiaren bilakaerari buruz ariko dira jardunaldietara gonbidatu dituzten adituak. Lehenengo solasaldia eguaztenerako [azaroak 4] iragarri dute, eta hurrengoak hilaren 12an, 17an eta 25ean egingo dituzte. Denak ordu berean izango dira, 19:00etan hasita.
Jardunaldiak, baina, presentzialki egin ordez Internet bidez egingo dituztela azpimarratu dute. “Dagoen egoera dela eta, Youtube bitartez egingo ditugu jardunaldiak”. Youtubeko Mutriku Udala kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean. “Zuzenean egingo ditugu jardunaldiak. Jendeak, gainera, Youtubeko kanalean zabalduko dugun Interneko solasgunean parte hartzeko aukera edukiko du. Nahi dutenek galderak egin edo sortzen diren dudak argitzeko aukera edukiko dute, beste edozein solasaldi edo mahai ingurutan modura”.
EGITARAUA:
- Azaroak 4: Arturo Elosegirekin, Eukalipto landaketen eraginak hitzaldia.
- Azaroak 12: Baso kudeaketa bateratu baterako ereduak mahai ingurua, Basoa fundazioa eta Aramaioko Basogintza Kooperatibako kideen eskutik.
- Azaroak 17: Bizilur sareak eta Ondarroako 12 miliako kideen eskutik, Arrantza sektorearen etorkizuna eta aukerak solasaldia.
- Azaroak 25: Tomas Maizek Lea-Artibaiko paisaiaren bilakaera tesiaren aurkezpena egingo du.