Jon Arriola: "Sekula baino garrantzia gehiago dauka berton kontsumitzeak"
Azaroaren 10era arte eskuratu daitezke Lea-Artibai Bonuak, eta horiek erostera animatu ditu eskualdeko herritarrak Jon Arriola Leartibai Garapen Agentziaren presidenteak.

Leartibai Garapen Agentziak, eskualdeko hamar udalek eta hiru merkari elkartek lankidetzan abiatu duzue Lea-Artibai Bonua proiektua. Zein da helburua?
COVIDa agertu zenean ikusi genuen eskualdeko garapena bueltatzeko kanpaina bereziak egin beharko genituela. Eman ditugun diru laguntzen moduan, bonu kanpainaren helburua da bertoko merkatari, ostalari eta komertzioei bultzada bat ematea egoera berezi honetan.
Halako ekimen bat eskualdean lehenengoz egin duzue, ezta?
Bai, hala da. Hiru herri handienetan halako bonu kanpainak egin izan dira. Baina kasu honetan eskualde izaera eman diogu kanpainari, eta horrela, herri txikietako merkatari eta ostalariek ere sartzeko aukera edukitzea lortu dugu.
Hain zuzen, bakoitzak bere udalerrian erosi behar ditu, baina gainontzeko herrietan erabiltzeko aukera zabaldu duzue.
Helburua hori da, eskualdean geratzea bertoko dirua. Erosketak egiterako orduan, norbere herrian egiteaz gain, ondoko herrira joateko ohitura dauka jendeak, eta hori mantentzea gura genuen. Batez ere, herri txikiei begira, herriotan zerbitzu asko ez ditugulako, eta urrun joan barik ondoko herrian eskuratu ahal ditugu gureetan ez ditugun gauzak. Bonuak norbere herrian erosi behar dira, kontrol bat edukitzeko. Biztanle bakoitzeko bi bonu ematen dira.
“Badago non gastatu; segurua da herriko komertzioetara joatea”
Bonuak urriaren 28ra arte eskuratzea aurreikusita zegoen, eta azaroaren 10era arte luzatu duzue epea. Zergatik erabaki duzue kanpaina luzatzea?
Mugikortasuneko neurri hauek kontuan hartuta, ikusten dugu sekula baino gehiago inbertitu behar dugula bertoko komertzioetan gastatzen. Etxetik irteten ez garenean, mugikorragaz erosketak egiteko ohitura dauka jendeak. Hori da aspaldiko mehatxua. Orduan, ikusi dugu sekula baino garrantzi handiagoa daukala berton kontsumitzeak, bertoko ekonomia bultzatzeak, eta horregatik luzatu dugu epea.
Eusko Jaurlaritzak herriak itxi ditu, eta aktibitate ekonomikoetarako alboko udalerrietara baino ezin da joan. Zelan eragiten dio horrek kanpainari?
Zelan eragiten duen hemendik denbora batera jakingo dugu hobeto. Baina, uste dut, alde batetik indartu egiten duela. Mugikortasuna mugatu zaigunez, norbere herrian edo albokoetan erosi behar dugu. Komertzio askok izena eman dute, herri guztietan bat egin dute komertzioek, ostalariek edota merkatariek. Badago non gastatu. Beharra ere sekula baino gehiago daukate eurek. Segurua da herriko komertzioetara joatea, eta jendea horietara joatea bultzatu behar dugu.
“182 establezimendu atxiki dira. Gure nahia da denetara heltzea, denei laguntzea”
Momentuz, zelako erantzuna eduki du kanpainak? Zenbat establezimenduk bat egin dute?
182 establezimendu atxikitu dira, eta gure eskualderako kopuru dezentea dela uste dugu. Lea-Artibain hiru merkatari elkarte ditugu: Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan. Eurekin elkarlanean egin dugu kanpaina, eta horrek ere lagundu egiten du. Autokritikak egingo ditugu; gehiagorengana heltzeko aukerak baloratuko ditugu kanpaina amaitzen denean. Denetara ez garelako heldu, eta gure nahia da denetara heltzea, eta denei laguntzea.
12.800 bonu kaleratu dituzue. Bonuak erostera animatzeko zer esango zenieke Lea-Artibaiko bizilagunei?
Kopuru handia da, eta herritarrak bonuak erostera animatu gura ditugu. Egon badaude, eta gure nahia da amaitzea. Hori da erronka. Herri bakoitzak bere biztanle kopuruaren erdia atera ditu. Esate baterako, Berriatuan 1.200 bat biztanle gara, eta 600 kaleratu ditugu. Orain momentuan segurua eta beharrezkoa da gure ekonomia bultzatzea. Gure komertzio txikiak ez baditugu bultzatzen, ez bakarrik ekonomian, gure bizi kalitatean ere eragingo digu. Uste dut erronka hau COVID-19agaz areagotu egin dela. Beharrezkoa da gure komertzio txikietan kontsumitzea, eta merezi du. Eguneroko bizi kalitatean ere eragina dauka komertzio txiki indartsuak edukitzeak edo ez edukitzeak.
Kanpaina indartzeko ze ekintza egingo dituzue Guk Lea-Artibaiko saltoki txiki, ostalaritza eta zerbitzu enpresetan kontsumitzen dugu. Eta zuk? lelopean?
Lea-Artibaiko kontsumoa sustatzea eta herritarrek tokiko establezimenduetan erostea helburu duen bideoa argitaratuko dugu azaroaren 9an, eta eskualdeko merkatari elkarteetako establezimenduek kontzientziazio kanpaina honegaz lotutako poltsak oparituko dituzte. Bideoagaz, Lea-Artibaiko herritarrok berton kontsumitzea lortu nahi da, eskualdeko denda, taberna-jatetxe eta establezimenduetan. Hainbat dira herritarrok berton kontsumitzeko arrazoiak: lana herrian bertan sortzen da, beste herritarrei beraien ekonomian laguntzea… Izan ere, komertzio txikiak herriaren segurtasuna hobetzen du, eta zerbitzua ematerakoan kalitatea eskaintzen du; baita hurbiltasuna, konfiantza eta segurtasuna ere. Gainera, tokiko produktuak kontsumitzean, ingurumena zaintzen dugu, eta horrez gain, eskualdeko produktu freskoek gure osasuna zaintzen laguntzen digute. Tokiko merkataritza eta ostalaritza bizitasuna ere bada; denok nahi dugu gure herria bizirik ikusi. Suspertze plan honegaz, besteak beste, gure eskualdeko negozioen indarguneak azpimarratu nahi ditugu, berton bizitzeaz gain kontsumitu ere berton egin dezagun.
Bertoko ekonomiari bultzada emateko bestelako ekimenen edo programaren bat martxan jarri al duzue?
Garapen agentzia moduan beti egin izan ditugu ekintza desberdinak, eta aurten gehiago egin ditugu. Adibidez, Leihatila zerbitzua indartzen ari gara. Konturatu gara merkatari, ostalari edo komertzio txikien jabe askok garapen agentzia ezagutu ere ez dutela egiten, eta horrek arduratzen gaitu. Horientzat da zerbitzua, euren zerbitzua hobetzeko informazioa eta irizpideak edota eskuratu ditzaketen laguntzei edo formakuntzei buruzkoak ematen dizkiegu. Bestetik, 3R izeneko enplegua sustatzeko programa martxan dugu. Aldundiak atera du COVID-19agatik beharra galdu dutenei beharra topatzen laguntzeko; plan oso bat egiten da langabe bakoitzagaz.
*BONUAK NON EROSI
- Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Munitibar eta Ziortza-Bolibar. Udaletxeetan, goizez.
- Lekeitio. Turismo Bulegoan, martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta domeketan, 10:00etatik 14:00etara.
- Markina-Xemein. Berton bulegoan, astelehenetik barikura, 08:15etik 14:30era.
- Ondarroa. Turismo Bulegoan, martitzenetik domekara, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
OHARRA: Norbere herrian erosi behar dira, baina eskualdeko 10 udalerritan gastatu daitezke. Biztanle bakoitzak bi bonu erosi ditzake.