Master Goxua Txapelketako partidak, etenda
Udalerrien arteko mugikortasun neurriak iraun bitartean etenda egongo da pilotari ohien norgehiagoka.

Udalerrien arteko mugikortasun neurriak iraun bitartean etenda egongo da Markina-Xemeingo Master Goxua pilotari ohien txapelketa. Horrela eman du jakitera Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak.
Urriaren 26an itxi zituzten udalerrien arteko mugak, hori dela eta, jokatu ezinik geratu dira. Izan ere, Markina-Xemeingo eta mugakide diren herrietako pilotariez gain, mugakide ez diren herrietakoak, eskualdetik kanpokoak eta Bizkaitik kanpokoak ere ari dira parte hartzen aurtengo lehiaketan, Lekeitiokoak, Gernika-Lumokoak edota Beasaingoak besteak beste.
Asteburutik geldirik. Joan den asteburuko partidak bertan behera geratu ziren arrazoi hori tarteko, eta neurri horrek indarrean jarraitzen duen bitartean ez dela partidarik jokatuko azaldu du Urionabarrenetxeak. «Seiko taldean jokatu ahalko genuen, publiko barik, baina kanpoan bizi direnak ezin dira etorri eta geldialdia egitea erabaki dugu».
Egoera aldatu bezain laster kolpeko diote berriro ere txapelketari. Abenduaren 26rako zeuden aurreikusita finalak, baina ez dakite data horretan amaitzeko aukerarik edukiko duten.