Merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzak emango dituzte Mutrikun
Hamar langile baino gutxiago dituzten txikizkako merkararitza eta ostalaritza sektoreetako enpresek eskatu dezakete laguntza. Eskaerak azaroaren 16a aurretik egin behar dira.
Koronabirusak kolpatutako tokiko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan ekonomia indarberritzeko diru laguntzak eskatzeko epea zabaldu dute Mutrikun. Zehaztu dutenez, COVID-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren inbertsioak egitera bideratuko da funtsa. Eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 16a da. Horiek udaleko webgunean edo udaletxeko sarrera gunean aurkeztu beharko dira.
Mutrikun establezimendua duten eta hamar langile baino gutxiago dituzten txikizkako merkararitza eta ostalaritza sektoreetako enpresek eskatu dezakete laguntza; autonomoek zein beste forma juridikoek.
Diruz lagunduko diren jarduerak martxoaren 14tik abenduaren 31ra artean egingo diren inbertsioak izango dira. Honakoak: alde batetik, COVID-19ari aurre egiteko lokala eta lan egiteko moduak egokitzeko inbertsioak, bestetik, segurtasun eta osasun protokoloen irizpideak betetzeko lokalak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua eta, azkenik, COVID-19aren eraginez bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua.
Aldunditik datozen 22.383.42 euro bideratuko dituzte laguntzetara
Inbertsioen gutxieneko zenbatekoa 150 eurokoa da, eta diruz lagundu daitekeen gehieneko gastua 5.000 eurokoa. Guztira, 22.383,42 euro bideratuko dituzte laguntzetara. “Deialdi honetarako finantzaketa bere osotasunean Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune sailetik dator. Kopurua dauden eskaera guztiei erantzuteko ez bada nahikoa, modu proportzionalean banatuko da”.
Mutrikuko Jarduera Ekonomikoei buruzko Zergaren matrikulan, txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreei dagozkien epigrafe ekonomikoetan alta emanda egon beharko dute nahitaez diru laguntza jaso nahi duten onuradunek. Era berean, Foru Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta Mutrikuko Udalerekiko betebeharrak egunean dauzkatela egiaztatu beharko dute.
Eskatzaileek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: eskaera orria behar bezala beteta, dirulaguntzaren xede diren jardueren memoria eta aurrekontua edo fakturak, IFKren kopia, eskatzailearen edo ordezkariaren nortasun agiriaren kopia, Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergaren altaren kopia, bankuko kontu korrontearen titulartasun ziurtagiria eta Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketak eguneratuak dituztela aitortzen duen ziurtagiria.