Urte amaieran hasiko dituzte Mutriku eta Deba lotzen dituen zubiko lanak
Obra 41 astetan egitea espero dute. Tarte horretan piezaz pieza eta harriz harri desmuntatuko dute zubia, eta berriro eraiki, jatorrizko planoaren arabera.
Mutriku eta Deba lotzen dituen oinezko zubiaren obrak noiz hasiko diren iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurreikuspenen arabera, 2018ko uztailaren 5ean amildutako zubiaren kalteak konpontzeko lanak urte amaieran hasiko direla azpimarratu dute. Zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanek 3.014.737,77 euroko euroko aurrekontua dute, eta behin obraren esleipena eginda, 41 astetan (9 hilabete pasatxo) burutzea espero dute. Tarte horretan piezaz pieza eta harriz harri desmuntatuko dute, eta berriro eraiki jatorrizko planoaren arabera.
Mutrikuko eta Debako Udalek, hain zuzen ere, maiatzean sinatu zuten lankidetza hitzarmena aldundiarekin. Eta akordio horri esker egin ahal izango dira bigarren faseko lanak. “Zubian izandako kalteak konpontzeko hurrengo fasearekin hasteko oinarria jarri zen”. Lankidetza hitzarmenaren arabera, aldundiak bere gain hartuko du hurrengo faseko obraren finantzaketaren ardura.
KRONOLOGIA:
- 2018ko uztailaren 5a: 05:15ak aldera zubiaren zati bat erori zen. Zubiaren parez pare bizi d¡ziren Ibaigan etxekoak goizaldean zaratarekin esnatu ziren.
- 2018ko irailaren hasiera: Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura departamentuak jakitera eman zuen larrialdiko prozeduraren bidez egingo zituztela Mutriku eta Deba batzen dituen zubia saihesteko eta haren kontserbazioa eta birgaikuntza bermatzeko lanak. Azpiegitura “ahalik eta azkarren” konpontzeko konpromisoa berretsi zuten aldundiak eta Mutrikuko zein Debako udalek. Larrialdiko lehen faseko lana izan zen zubiaren gainean egitura osagarri bat jartzea, “gangei eusteko”.
- 2018ko azaroak 29: Hasita zeuden zubiaren gainean egitura metalikoa ezertzen, eta iragarri zuten zubiko oinezkoen pasabidea 2019ko martxoan zabalduko zutela. Horrez gain, zubia desmuntatu eta berreraikitzeko larrialdiko lehen faseko lanek aurrera jarraitzen zutela esan zuten. Arduradun politikoek “pazientzia edukitzeko” eskatu zieten zubiaren alde bateko eta besteko herritarrei.
- 2020ko apirilak 30: Mutrikuko Udalak esan zuen zubiaren birgaitze lanekin jarraitu ahal izateko hitzarmena onartu zutela, aho batez. Bi udalen eta aldundiaren arteko hitzarmenaren arabera, aldundiak bere gain hartuko luke zubia desmuntatu eta berreraikitzeko bigarren faseko lanen finantzaketaren ardura.
- 2020ko azaroa: zubia desmuntatzeko lanak abenduan hasiko direla esan dute.